Trikitika Eguna ospatu zuten larunbatean Oñatin: Trikitixa Eguna + Hika Eguna

2022ko eka. 29a, 10:45

Trikitixa Eguna eta Hika Eguna batzen dituen Trikitika Egunean triki-hika-poteoa, hika-bertso bazkaria eta Eingo txarangak lagundutako kantu-dantza saioa egin zituzten. 

2 x 1, Trikitixa Eguna eta Hika Eguna. Trikitika Eguna giro ederrean ospatu zuten larunbatean, Oñatin, noka biziberritzeko sortu zen Ingo Xonau! taldeak eta Lizargarate trikitizale elkarteak antolatuta.

Eguerdian hasi ziren, triki-hika poteoarekin, eta ondoren hika-bertso bazkaria egin zuten. Antixena parkean zuten aurreikusita, baina azkenean Gaztetxean izan zen, eguraldiarengatik. Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Eli Pagola bertsolariak aritu ziren kantuan, eta ederki moldatu ziren hika. Hika praktikatzeko liburuxkak eta 'txuletak' banatu zituzten eta trikiti doinurik ere ez zen falta izan. 35 lagun inguru bildu ziren. 

Arratsaldean, berriz, Eingo taldearekin kantuan eta dantzan jarduteko aukera izan zuten, kalez kale. Herritar asko batu ziren. Ez zuen euririk egin, eta hamarrak alderararte ibili ziren. Eingo taldekoek Ingo Xonau! taldekoek sortutako "Txunau txunau" eta "Ingo xonau" kantak prestatu zituzten, propio Trikitika Egunerako. 

Argazkietan: Goian, Oihana Iguaran, Eli Pagola eta Amets Arzallus larunbateko hika-bertso bazkarian. Behean, berriz, Lizargarate elkarteko trikitilariak. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia