Argentinako Corrienteseko Tamara Alegre guarania Ahotsak proiektua ezagutzera

2024ko urr. 29a, 11:56

Garabide Elkarteak antolatzen duen Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroan parte hartzen ari den Argentinako Tamara Alegre guaraniaren bisita izan dugu Badihardugu elkartean. Euskal Herriko Ahotsak proiektua ezagutzera etorri da, Corrientesen antzeko ibilbidea hasteko asmoarekin.

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa antolatzen du urtero Garabide Elkarteak, Euskal Herriko esperientziak beste herrialdeetako ordezkarien artean zabaltzeko eta horien gainean lan egiteko. Irailean iritsi ziren Debagoienera 3 kontinentetatik etorritako 18 aktibista eta bi hilabetez egongo dira Euskal Herrian. Ikastaroaren barruan, hainbat egitasmo eta esperientzia ezagutzeko aukera izaten dute bertaratzen diren hizkuntza gutxituetako komunitateetako kideek, eta horien artean Euskal Herriko Ahotsak proiektua ezagutzeko aukera ere bai. Ekainean Mexikoko Yucatango aktibista maiak izan genituen Badihardugu elkartearen egoitzan, Ahotsak proiektua ezagutzen, eta atzokoan Argentinako Corrienteseko Tamara Alegre guaraniarekin egoteko aukera izan genuen. Guarania biziberritu nahian lanean ari da Alegre, bertako unibertsitatearen laguntzaz, eta guaraniaren egoeraren berri eman zigun. Ahotsak proiektuarekiko interes berezia azaldu zuen eta ondarea jasotzeaz eta grabazioen kudeaketaz jardun genuen, besteak beste.

Gure aldetik eskerrak Garabide Elkarteari esperientzia-truke interesgarri hauek ahalbidetzearren. Eta guarania biziberritzen lanean gogotsu ari den Tamara Alegreri... zorte on bidean, Tamara!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia