Soraluzeko toponimia jasoko du Udalak
2012ko urt. 19a, 10:06
Soraluzeko Udalak (Gipuzkoa) jakinarazi duenez, lantalde bat jarri du martxan herriko toponimia jasotzeko eta, bide batez, herriko ondare linguistikoa aztertzeko.
Soraluzeko udalak eta herriko Pil-pilean euskara elkarteak hainbat lan egin dituzte azken urteotan herriko hizkera eta ahozko ondarea biltzeko. Horren lekuko, besteak beste, Ahotsak.com webgunean bertan daukagun informazioa, edo Soraluzeko euskararen aditz-taulak jasotzen dituen argitalpena.
Aurten jasotako diru-laguntza bati esker, ikerlari bat jarriko da Soraluzeko toponimia biltzen. Proiektuaren abiapuntua izango da, gero ere zabalduko dena.
Bergaran berriki aurkeztu den lana izango da jarraitu nahi den ereduetako bat, beste herri batzuetan egindako lanak ahaztu barik. Eredu desberdinak aztertu nahi dira, ondoren herrian zer-nola bildu eta aztertu erabaki ahal izateko.
Herriko ahozko ondarea eta hizkera
Toponimiarekin batera, herriko hizkeraren inguruan ere lanak egin nahi dira eta lan-talde bat ari da proiektua borobiltzen. Oraingoz, lehenengo fase honetan, aukerak aztertzea eta hurrengo urteetarako plangintza bat zehaztea hiru adar kontuan izanik: bilketa, azterketa eta hedapena.
Albiste onak, beraz, Soraluzetik.
Argazkia: www.txurruka.com.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.