Sondikan elkarrizketatutako hiztun bakarra joan zaigu

2014ko mar. 10a, 08:50

Pantxi Sangroniz Mentxaka 1913. urteko urrian jaio zen Sondikan eta zapatuan hil zen 100 urte zituela. Bera da orain arte Ahotsak.com-en elkarrizketatutako sondikatar bakarra.

Pantxi Sangroniz Mentxaka sondikatarrak agur esan zigun zapatuan 100 urte zituela. Duela hiru urte beragaz egoteko aukera izan genuen, Bizkaiko Txorierri eskualdean Derioko Tximintx euskara elkartekoen laguntzaz egin genituen elkarrizketetako protagonistetako bat izan baitzen.

Zoritxarrez, Sondikan ez da erraza bertan jaio eta hazitako adineko euskaldunak aurkitzea eta ondorioz, ezta bertako euskara jatorrean aritzen denik ere. Pantxi zen horietako bat, herriko azken 'altxorretako' bat. Etxean ondo zaindu zuen euskara, ondorengoei erakutsiz eta transmitituz, herriko eta inguruetako etxe askotan bere garaiko askok egin ez zuten bezala. Horri eskerrak, elkarrizketan alabetako bat eta biloba izan zituen lagun.

Bere haurtzaroko Sondikak ez ei zuen zerikusirik gaur egungoarekin. Erdararik jakin ez arren, beraientzat hori ez zen traba:

100 urte betetzear izan arren, umoretsu kontatu zizkigun urte horietan guztietan herritik irten barik bizi izandakoak: eskola garaiko Sondika, Gerra Zibilean eta gerraostean bizitakoak, usadio zaharrak...

Lerro hauen bitartez Pantxiri omenaldi txikia egin nahi izan diogu, eta bide batez, etxeko eta hurbilenekoei gure doluminak helarazi.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia