Ramon Agirre aktorea, euskararen alde egiteko prest beti

2021ko abe. 20a, 09:51

Ramon Agirre elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako. Hainbat pelikula, antzezlan eta serietan ikusi dugun aurpegi ezaguna da. Euskalgintzan zeresana izan duten 16 donostiarren testigantzak jaso ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Ramon Agirre (Donostia, 1954) aktorea euskaraz bizi izan da beti. Umetan ere euskaraz hitz egiten zuen: etxean ez ezik baita kalean ere, ezohikoa zena 50eko hamarkadako Donostia erdaldunduan. Karmele Esnalen ikastolara joaten zen, eta zazpi anai-arrebak elkarrekin ibiltzen ziren jolasean, kalean, beraientzat naturalena zen hizkuntzan. Orain ere euskaltzale griñatsua da Ramon, bere anaia Jabier bezalaxe, eta prest egoten da euskararen alde zernahi egiteko. Aktore lanetan ere euskaraz lan egitea lehenesten du. Zinema, antzerkia zein telebista, denetik jorratu du eta aktore ezaguna da. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Ama donostiarra zuen Ramonek eta aita Algortan jaioa: gurasoek Donibane Lohizunen ezagutu zuten elkar, gerrako exiliatu bezala. Aitaren anaia Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen. Ramon zazpi senidetan hirugarrena zen. 3 urtetik 8 urtera bitarte ikastola klandestino batean ikasi zuen, Artzai Oneko etxe batean. Umetan Euzkal Iztundea antzerki taldearen obra batzuetan hartu zuen parte, bi anaiarekin batera, Maria Dolores Agirre zuzendariarekin. Gaztetxo dantza taldean ere ibili zen. Santo Tomas lizeoan jarraitu zituen ikasketak, eta ondoren Arkitektura ikastera joan zen, Valladolidera, marraztea asko gustatzen zitzaiolako. Hori bai, halako batean Parisera joatea erabaki zuen Ramonek: ia urtebete igaro zuen bertan, eta hantxe hasi zen antzerkia egiten. Bueltan, interpretazio-ikasketak egin zituen Antzerti eskolan, eta ordutik aktore lana izan du bizimodu. Besteak beste, "Aupa Etxebeste!", "Handia", "Errementari" eta "Amour" filmeetan parte hartu du. 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Ramonen grabazioko bideo-pasarte guztiak hemen ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Jabier Agirre anaia ere elkarrizketatu genuen. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona baino gehiago daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia