Pierre Salles eiherazaina uholdeek eraman dute
2014ko uzt. 4a, 17:43
Eskuzabalik hartu gintuen Pierre Sallesek bere etxean, Izurako eiheran, elkarrizketa egitera joan ginenean. Gaur goizean uholdeek eraman dute. Ez dugu bere irribarrea ahantziko.
Gaur goizeko uholdeen ondorioz, Pierre Salles eiherazaina hil da. Ahotsak.com-erako elkarrizketatu genuen iaz, Izuran. Ainize Madariagak egin zion elkarrizketa, eta lerro hauek idatzi ditu, omenaldi ttipi gisa:
Pierre Salles, denek Lako izenez ezagutua, sortetxearen izenetik bildua, Altzürüku Lakotegiatik. Ttipitik Izurako eiherarat jin ziren bizitzerat, aitama eta hiru anai-arrebak. Lehen emaztearekin 3 seme-alaba ukan zituen, baina eritu eta hil zitzaion. Ondoren, bertze hiru ukan ditu, alargundu berri den Martxelina Prebende domintxindarrarekin.
Esku ederretaz oroit naiz, bizi osoa lanean aritu diren horietarikoa. Ilobek oparitu eihera-maketa ilusio handiz erakutsi zidala ere bai. Botoi bat sakatuz argia pizten zen, eta errota martxan jartzen. Umore eta nortasun handiko gizona galdu du Euskal Herriak. Eiherazaina urak eraman du, bainan berak emandakoa gurekin gelditzen da. Milesker Lako.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.