Pasaiako badiako ikastola txikien gaineko dokumentala, Pasai Donibanen
2026ko ira. 29a, 11:18
Urriaren 2an Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala aurkeztuko dute Pasai Donibanen, Badihardugu euskara elkarteak prestatu duen ikus-entzunezkoa. Badiako bost ikastola txikien historia kontatzen du.
Badiako ikastola txiki kementsu haiek.1958-1979. Pasaiako eta Lezoko ikastolen ibilbidea dokumentalak ostiralean ikusiko du argia. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan. Bost ikastola txikiren historia kontatzen du -Lezo, Trintxerpe, Donibane, San Pedro eta Antxo- eta baita ere nola elkartu ziren, Pasaia-Lezo Lizeoa sortzeko. Ordubete pasatxo irauten du. Badihardugu euskara elkarteak sortu du, Pasaiako Udalaren eta Lezoko Udalaren enkarguz.
Badiharduguko Idoia Etxeberriak egin ditu elkarrizketak eta gidoia. Elkarrizketatutako guztien testigantzak Ahotsak.eus webgunean daude, ehundik gora bideo-pasarte ikus daitezke Badiako ikastola txikiak proiektuan. Ikus-entzunezkoaren edizioaz, berriz, Haizea Odria arduratu da. Bi urteko lan-prozesua izan da. Ikastolen ibilbideei buruz dokumentatu ostean, 2025ean zehar 37 pertsona elkarrizketatu zituzten: irakasleak, ikasleak eta gurasoak, batik bat. Hainbat herritarren laguntza izan dute ikus-entzunezkoa egiteko garaian, besteak beste sasoi hartako irudiak lortzeko. Gainera, Pasaiako Udalaren eskariz, Jurgi Ekiza musikariak eta Pasaia-Lezo Lizeokoek abesti bat sortu zuten dokumentalerako.
Pasaiako Udala ari da urriaren 2ko ekitaldia antolatzen. Elkarrizketatu guztiak gonbidatuko dituzte. Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkariak ere bertan egongo dira; ikasleek abestia kantatuko dute. Luntxa ere izango da. Emanaldia irekia da, baina, aforo kontuengatik, sarrera hartu beharra zegoen eta sarrerak agortuta daude dagoeneko. Hemen Pasaiako Udalak atera duen albistea.
Adibiderako, hona hemen Ahotsak webgunean ikus daitekeen bideo-pasarte bat. Kontxita Beitiak Antxon ipini zuen ikastola, bere etxean, 1960an:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





