Pasaiako Ahotsak proiektua aurkeztu genuen atzo

2014ko abe. 18a, 13:19

Pasaian 20 lagun elkarrizketatu ditugu, bertako euskara eta historia jasotzeko. Eta haiei guztiei eskerrak emateko ekitaldia izan zen atzokoa. Orotara Pasaiako 439 bideo pasarte ikus daitezke Interneten, eta baita aurkezpeneko bideoa ere. 

Pasaiako udaletxeko pleno aretoan elkartu ginen atzo arratsaldean, Pasai Donibanen. Elkarrizketatutako adinekoak eta haien senideak ziren gonbidatuak. Haiek ziren protagonistak. Izan ere, eskerrak emateko ekitaldia zen atzokoa, Ahotsak proiekturako testigantza eman duten 20 pasaitarrei omenaldi xumea egiteko modua. Amaia Agirregabiria alkateak hartu zuen hitza, Udalaren izenean bertaratutakoei ongi etorria emateko. Ondoren, Idoia Etxeberriak eman zituen azalpenak, Ahotsak proiektuaren izenean. Parte hartzaile guztien testigantzekin osatutako bideoa ikusi ostean, elkarrizketatu bakoitzari bere grabazioaren kopia eman zitzaion. Eta zizka-mizka eder batzuekin amaitu zen ekitaldia, oso giro atseginean. 

Pasaian 20 elkarrizketa egin ditugu Ahotsak proiekturako. Irati Odriozola, Edurne Zabala, Asier Sarasua eta Idoia Etxeberria ibili ziren langintza horretan, 2010 eta 2011 urteetan. Grabatutako zintak, baina, dezente gehiago dira: 36. Hiztun batzuei hainbat grabazio egin zitzaizkien, Florentino Legorbururi esaterako. Grabazioetako hiru Pasai Donibaneko Euskal Memoriarekin elkarlanean egin genituen, gerra kontuak jasotzeko. Bertako ahozko ondarea jasotzea zen proiektuaren helburua: bertako euskara ez ezik, baita historia ere. Eta oso testigantza politak jaso ditugu, hainbat eta hainbat gairi buruzkoak: arrantza, erromeriak, eskola, jolasak, arrauna, erlijioa... Pasaiako Udalari esker, grabazioetako asko lantzeko aukera izan dugu: jasotakoa minutuz minutu entzun, pasarte interesgarrienak aukeratu eta bideoak sarera igotzekoa. Guztira 439 bideo pasarte ikus daitezke www.ahotsak.eus webgunean. Altxor hori nahi duenaren eskura dago orain.

Argazkiko lehen ilaran, Anttoni Segurola, Claudia Sein, Florentino Legorburu, Gregorio Etxeberria eta Manuel Gereño pasaitarrak. (argazkilaria: Iñaki Berrio)
 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia