Ozeano Bareko Ahotsak?
2017ko urr. 24a, 10:57
Paradisec hizkuntza gutxituak jasotzen dituen artxibo bat da, Australian sortua, eta hainbat antzekotasun ditu Ahotsak proiektuarekin.
Proiektu interesgarri baten berri izan dugu: Paradisec. Pazifiko aldeko Ahotsak moduko bat da, Australian sortua. Ahozko ondarearen artxibo bat da, arriskuan dauden kulturak dituena oinarri moduan. Hizkuntza gutxituak jasotzen dituzte. Eta nahi duenak parte hartzeko aukera dauka, bere audio eta bideoekin. Gainera, jasotako guztia modu librean zabaltzen dute, erabili-partekatu lizentziarekin.
1.000 hizkuntzatik gora jaso dituzte, munduko 99 herrialdetan. Ia denak Asian. 200 proiektu txiki baino gehiago batu dituzte guztira, hainbat ikerlarik egindako grabazioak. Hiru unibertsitatek sortutako artxiboa da Paradisec: Sydneykoa, Melbournekoa eta Australiako Unibertsitate Nazionala.
Badu antzik gure Ahotsak.eus eta 101 L proiektuekin, filosofian eta egiteko moduan batez ere: elkarlanean, ahozko ondarea guztion eskura jartzea. Ahotsak proiektuan ere 200 proiektu inguru batu ditugu. 101 L proiektuan, berriz, Euskal Herrian hitz egiten diren ia 100 hizkuntza jaso ditugu, jatorriz munduko toki askotakoak; Asiakoak ere badaude tartean.
Hona hemen Paradisec webgunea nola erabili azaltzen duen bideoa, hizkuntzen paradisu hori arakatu nahi duenarentzat:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.