Oroimenaren Egunaren inguruko egitaraua prestatu dute Mutrikun

2022ko aza. 10a, 09:20

Gaurtik hasita eta azaroan zehar, Gerra Zibilaren Oroimenaren Eguna omentzeko egitaraua prestatu dute Saturraran Elkarteak eta Mutrikuko Udalak. Badihardugu Elkarteak azaroaren 13an herrian zehar egingo den memoria historikoaren ibilbidea prestatu du, Ahotsak.eus-eko testigantzak baliatuta, eta azaroaren 17ko hitzaldian ere parte hartuko du.

Gaur, osteguna, emango diote hasiera Gerra Zibileko Oroimenaren Egunari Mutrikun. Saturraran Elkarteak eta Mutrikuko Udalak azaroan zehar burutuko diren ekintzekin osatutako egitaraua prestatu dute. Lehenengoa gaur izango da, arratsaldeko 19:30ean: Antzerkiaz Blai! jardunaldien barruan "Kasilda, bukatzen ez den sua" antzezlana ikusteko aukera egongo da Zabiel kultur etxean.

Oroimen eguna egitaraua

Saturraran Elkarteko kideek urte luzez lanean dihardute Mutrikuko memoria historikoa jaso eta bistaratu nahian. Arantza Ugartek, Nerea Arrizabalagak, Agurtzane Urriolabeitiak eta Roberto Sotok sortu zuten elkartea, lehendik jasotako testigantzak zabaltzeko eta lekukotasun berriak batzeko asmotan.

Azken urteotan egindako lana erakusketa batean bildu dute. Azaroaren 17tik 28ra ikusgai egongo da Zabiel Kultur Etxean, astegunetan 17.00etatik 19.00etara eta asteburuetan 12.00etatik 14.00etara.

Azaroaren 13an, igandean, Goiko Plazatik aterako den 'Gerra Zibilaren Markak' izeneko ibilbide gidatua antolatu dute herrian zehar. Bertan, herrian gertatutako istorio eta kokapen estrategiko ezberdinak ezagutzeko aukera izango da. Ibilbidea, Badihardugu Euskara Elkartea-rekin elkarlanean egin da, Ahotsak.eus-eko testigantzak erabiliz. Iaz ere, elkarlanaren bitartez, Mutrikuko landa-eremuko gerra zibileko ibilbidea sortu eta herritarrei zabaldu zitzaien. Gerrako Ahotsak webgunean dago eskuragarri, gainontzeko herrietako ibilbideekin batera. 

Horrez gain, Oroimenaren Egunarekin lotuta, azaroaren 17an gerra zibilari buruzko hitzaldi bat antolatu dute, Zabiel Kultur Etxean. Badiharduguk ere parte hartuko du. 

Oroimenaren Eguna Saturraranen ospatuko da azaroaren 20an, eta bertan gerra zibileko biktimak omenduko dituzte.

Gerrako ibilbideak. Badiharduguk zazpi ibilbide sareratu ditu dagoeneko, hainbat herritan (Mutriku, Donostia, Eibar eta Gernika-Lumo), eta ibilbide guztiak lehenengo pertsonan kontatutako pasarte geolokalizatuekin osatuta daude. Webgunean bistaratzeaz gain, PDF eta GPX formatuan deskargatu daitezke. 

Badihardugu euskara elkarteak lanean dihardu gerrako ibilbide gehiago sortzen eta herri gehiagotara zabaltzen, eta laster egongo dira ikusgai Gerrako Ahotsak webgunean. 

 Gerrako ibilbideak

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia