Oñatin zergatik joan da galtzen emakumeen hitanoa? Bideoa sarean!
2019ko abe. 16a, 10:20
Ingo Xonau! proiektua aurkeztu genuen larunbat goizean, Oñatin. Hika dakiten emakumeen argazkia atera, Lazarraga lorategian, eta ondoren ekitaldia egin genuen Santa Ana antzokian. Emanaldian erakutsitako bideoa sarean ipini dugu gaur!
Oñatin nesken hitanoa zergatik joan da galtzen? Zenbat emakumek dakite noka? Transmititu al dute? Larunbateko ekitaldian eman genituen galdera horien erantzunak, Santa Ana antzokian batu ziren 140 lagunen aurrean. Gutxienez 370 emakume dira noka dakitenak, Oñatiko baserri-auzoetan egindako datu-bilketaren arabera. Kaletarrak zenbatuta, 400dik gora izango dira. Bizirik dago, beraz! Eta bizirik dagoela erakusteko, argazkia atera zuten Ingo Xonau! lantaldeko kideek. Hori bai, 55 urtetik beherakoen artean oso emakume gutxik dakite. Transmisioan eten handia gertatu da. Zergatik? Hona hemen galeraren arrazoiak azaltzen dituen dokumental laburra:
Dokumentala osatzeko, Oñatin elkarrizketatutako nokadunen testigantzak erabili ditugu. Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak egin zituen elkarrizketak, otsailetik maiatza bitarte: guztira 54 herritar elkarrizketatu zituen, 52 emakume eta bi gizonezko. Proiektuak egundoko erantzuna izan du! Larunbateko ekitaldian ere giro polita sortu zen, hurrekoa eta goxoa. Etxeberriak egin zuen aurkezpena: diagnostikoaren emaitzak azaldu zituen, eta dokumental laburra ikusi zuten. Irribarreak eta txaloak jaso zituen bueltan. "Piztu dan su honi egurra botatia danon esku dau oiñ. Ingo xonau?". Baietz erantzun zuen publikoak. "Bai, ingo xonau!".
Ekitaldiaren amaieran, elkarrizketatuei grabazioen kopia bana emateaz gainera, bertaratutako guztiei "Ingo xonau?" txapa banatu zieten, erabilera bultzatzeko asmoz. Proiektuan parte hartu eta lagundu duten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu!
Oñatiko noka jaso eta biziberritzeko proiektua da Ingo Xonau! Herri ekimenetik sortu da egitasmoa, emakumeen hitanoa galtzen ari dela ikusita. Badihardugu euskara elkarteko kideongana jo zuten, ahozko ondarea jasotzen dugun eskarmentuarengatik. Udalaren laguntza lortu, eta 2019ko otsailean ekin genion lanari. Ikerketa-diagnostikoa egiteko, Etxeberriak herriko 13 datu-biltzaile izan ditu bidelagun moduan, borondatez lanean. Oñatiko 16 baserri-auzoetan egin da datu-bilketa, baserri-giroan gorde delako ondoen. Datu horiekin eta elkarrizketatuei jasotako informazioarekin prestatu du Etxeberriak ikerketaren txostena.
Horrez gainera, Badiharduguko kideak grabazioak lantzen eta bideo-pasarteak Ahotsak.eus webgunean ipintzen ere joan gara pixkanaka-pixkanaka. Lanketa amaitu gabe dago, baina dagoeneko ia 400 bideo-pasarte labur daude ikusgai hemen. Hori bai, proiektua ez da aurkezpenarekin amaitu. Lanketarekin jarraitzea da asmoa, eta hurrengo urteetan noka biziberritzeko eta hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egitea: ikastaroak, materiala... herriko beste eragile batzuekin elkarlanean.
Informazio gehiago twitter-en eta Instagram-en.
Irudian, larunbatean ateratako irudia: noka dakiten emakume oñatiarrak. Argazkilaria: Itziar Bastarrika.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.