Oñatiko Trikitika Eguneko bideoak ikusgai
2022ko uzt. 22a, 16:44
Ekainaren 26an Trikitika Eguna ospatu zuten Oñatin: Trikitixa Eguna eta Hika Eguna, biak batera. Hika-bertso bazkariko eta arratsaldeko hika-triki-poteoko bideoak sarean ipini dituzte.
Giro polita sortu zen ekainaren 26an Oñatin, Trikitika Egunean (Trikitixa Eguna + Hika Eguna). Egun horretan grabatutako bideoak sareratu berri dituzte. Lizargarate trikitizale elkarteak eta Ingo Xonau! taldeak elkarrekin antolatu zuten Trikitika Eguna, besteak beste herritarren artean nokaren erabilera bultzatzeko. Horregatik, hika-bertso bazkaria izan zen eguneko ekintza nagusietako bat. Oihana Iguaran, Eli Pagola eta Amets Arzallus izan ziren kantuan, Oñatiko gaztetxean, herriko trikitilariek lagunduta:
Arratsaldean Eingo taldearekin kalez kale ibili ziren, kantuan eta dantzan. Hemen une gogoangarri batzuk:
Ingo xonau! taldekoek propio sortutako bi abesti ere kantatu zituzten Eingo taldearekin: Txunau txunau ('Atzoko ogixa' taldekoek sortutakoa) eta Guk ingo xonau, "Guk euskaraz" abestiaren bertsio bat dena. Gainera, Baxatozak kantu herrikoia ere kantatu-dantzatu zuten, noka eta toka: Baxatozan eta Baxatozak.
Ingo xonau! egitasmoari buruz gehiago jakiteko, ikusi urtez urte egindakoa.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.