Oñatiko ikasleak esamoldeak grabatzen, herriko ondarea zabaltzeko
2025ko mai. 16a, 10:48
Badihardugu elkartea Oñatiko ondarea jaso eta zabaltzeko lanetan ari da: oñatiera lantzeko ikasmateriala, esamoldeen karta-jokoa... egun hauetan DBHko ikasleak grabatzen aritu dira, herriko hiru ikastetxeetan; helburua: ikasleak bertako ondarearen transmisore bihurtzea.
Badihardugu euskara elkarteko kideok Oñatiko DBHko 50etik gora ikasle grabatu ditugu, herriko esamoldeak esplikatzen. Txantxiku ikastolako, Institutuko eta Elkar Hezi ikastetxeko gaztetxo mordoa animatu da kamera aurrean jartzera. Herriko ondarea zabaltzeko egitasmoan beraien aletxoa jarri dute, bikoteka, eta herriko hainbat esamolde ezagutarazten lagunduko dute. Ikasle bikote bakoitzak esamolde bat edo bi aukeratu ditu, eta esamoldeen azalpenak eta adibideak eman dituzte. Helburua: herriko ahozko ondarea ezagutzea, balioan jartzea eta erabiltzea. Nola? Bideo laburrak prestatuko ditugu esamoldeekin, sare sozialetan zabaltzeko.
Duela gutxi Oñatiko esamoldeen karta-jokoa plazaratu genuen eta arrakasta handia izan du. Egun gutxitan agortu zen eta bigarren tirada bat egin da. Oñatiera lantzeko ikasmateriala ere prestatu genuen, eta dagoeneko ikastetxeetan erabiltzen ari dira. 30 fitxa dira, Oñatierako hitzak eta adierazpideak ikasteko aukera ematen dutenak.
Aurrera begirako asmoa: 365 esamolde aukeratzea, urteko egun bakoitzerako bat, eta horiek herrian zabaltzea. Besteak beste, Oñati irratiaren bidez. Urtero erabili daitekeen egutegia diseinatzea ere aurreikusten da, herriko sukaldeetan eta ikastetxeetan zintzilikatu eta erabili ahal izateko.
Oñatiko Udalarekin, ikastetxeekin eta hainbat herritarrekin lankidetzan egindako proiektua da. Badihardugu elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren babesa dauka ahozko ondarea jasotzeko eta lantzeko.
Irudian, Badihardugu elkarteko bi kide Oñatiko Institutuko bi ikaslerekin. Iturria: Bego Akizu
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





