"Oñatiko euskeria: ezagutu, aztartu, egin" liburua aurkeztu dute

2014ko eka. 22a, 10:17

Ostegunean, ekainaren 19an, Oñatiko euskeria: ezagutu, aztartu, egin (Altuna, Elortza, Zumalde; 2014) liburua aurkeztu zuten Oñatiko Udaletxeko Osoko Bilkura Aretoan. Musikaz eta poesiaz lagundutako ekitaldia izan zen eta egileek harro erakutsi zuten urte askoren osteko emaitza.

Duela 15 urte inguru hasi zen Oñatiko Berba Taldea Oñatiko euskara jasotzen, Oñatiko Udalak emandako beka bati esker. Herrian eginda zeuden grabazioak batu, berriak egin, oñatierazko testuak aztertu... Lan handia egin zuten taldeko kideek. Jasotakoaren hainbat atal kaleratu ere egin ziren herriko Kontzejupetik aldizkarian eta Udalaren webgunean, baina libururik ez da argitaratu orain arte.

2012. urtean, ostera, Oñatiko Udalak, Badihardugu Elkarteak eta Berba Taldeko zenbait kidek, urteetan zehar batutako lana gizarteratu beharra ikusi zuten eta materiala orraztu eta liburua argitaratzeko erabakia hartu zuten. Badihardugu Elkarteak hartu zuen liburua orrazteko ardura, batez ere Roberto Altunak eta Koldo Zumaldek jasotako datu guztiak hartu eta liburu itxura ematekoa.

Juan Martin Elexpuru izan da hiztegiaren moldaketaz arduratu dena. Roberto Altuna eta Koldo Zumalde Udal euskaltegiko irakasleek urteetan zehar osatutako hiztegi mardulak bateratu eta egokitu ditu Elexpuruk. Gramatikaren arloaren orrazketaz, berriz, Aintzane Agirrebeña eta Idoia Etxeberria arduratu dira. Azentuaren inguruko atala, aldiz, Maider Irizarrena da. Kepa Elortza Berba Taldeko kidea izan da koordinazio-lana egin duena eta liburua Oñatiko euskaran jarri duena.

Liburua Ahotsak.com-en elkarrizketatuta dauden oñatiarren adibideekin osatu da eta auzo guztietako lekukotasunak jasotzen dituen ikus-entzunezko bat ere prestatu du Badihardugu Elkarteak liburuarekin batera. 

Lana Oñatiko liburudendetan, Turismo bulegoan eta Oñatiko Udalean egongo da salgai, 18 euroan.

Gure aldetik, zorionik beroena Roberto, Kepa, Koldo eta Berba Taldeko gainontzeko kide guztiei, urteetan zehar egindako lan oparoagatik. Eta nola ez, Oñatiko herri osoari.


Argazkian liburuaren egileak: Roberto Altuna, Kepa Elortza eta Koldo Zumalde.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia