"Oñatiko euskeria" eta "Elorrixoko berbetia" lanak Durangoko azokan

2015ko abe. 4a, 10:13

Ateak ireki berri dituen Durangoko Azokan izango gara aurten ere. Ahotsak.eus-Badihardugu Elkartea stand-ean euskararen inguruko Euskal Herri osoko argitalpenak aurkituko dituzu. Animatu eta zatoz!

Gaur ireki ditu ateak 50. Durangoko Azokak. Beste behin bertan izango gara, euskara eta euskalkien inguruko argitalpenak jendearen eskura jartzeko. Euskal Herri osoko lanak batzen ditu Badihardugu Elkartearen stand-ak: Eibarko euskararen inguruko hainbat lan, Zarautz hizketan, Lezoko euskararen azterketa, Aramaioko euskara, Zaldibar berbarik berba, Biarnoko euskaldunak historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean...

Aurtengoan, gainera, bi berritasun aurkitu ahal izango dira: Oñatiko euskeria eta Elorrixoko berbetia. Bi lanok 2014an kaleratu ziren eta Badihardugu Elkarteko kideek parte hartu zuten liburu hauen prestaketan. Elorrioko azterketa dialektologikoaren kasuan, esaterako, Badiharduguko Juan Martin Elexpuruk eta Aintzane Agirrebeñak jardun zuten lanean, Ahotsak.eus-erako Elorrion egindako elkarrizketak oinarri moduan hartuta. Hona hemen pasarte horietako bat, adibiderako:

Oñatiko euskeria lanaren kasuan, berriz, Ahotsak.eus-erako Oñatin egindako elkarrizketetatik aukeratutako zenbait pasarterekin dvd bat prestatu zen, liburuaren osagarri gisa. Bertan Oñatiko auzo guztietako hiztunen lekukotasunak ikusi eta entzun daitezke, tartean Araotz auzoko Miren Uriarteren pasarte hauxe:

Esan bezala, bi liburu hauek eta euskararen inguruko beste hainbat aurkitu ahal izango dituzue  Durangoko Azokan, Ahotsak-Badihardugu Elkartea stand-ean, Artekale 41ean. Aurten, gainera, egun bat gehiago izango du azokak, gaurtik abenduaren 8ra bitartean izango baititu ateak zabalik. Animatu eta etorri!

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia