Oñatiko esamoldeak, ikasleen ahotan

2025ko abe. 1a, 12:40

Oñatiko esamoldeak ezagutarazteko egitasmoa ipini dugu abian Oñatin. Helburua: ikasleak bertako ondarearen transmisore bihurtzea. Badihardugu elkarteko kideok DBHko ikasleak grabatu ditugu, esamoldeak esplikatzen, herriko hiru ikastetxeetan. Orain, prestatu ditugun bideo laburrak zabaltzen hasi gara. Astero bat zabalduko dugu; gaur, lehenengoa

"Oilluak perraittera bialdu". Oiloak ferratzera bidali. Horixe da gaur zabaldu dugun esamoldea. Badihardugu euskara elkarteko kideok DBHko ikasleak grabatu ditugu Oñatiko ikastetxeetan, herriko esamoldeak azaltzen. 50 ikasle baino gehiago, binaka. Orain, bideoak editatu ostean, hedapenarekin hasi gara. Sare sozialetan (Instagram, Mastodon, Facebook, X) eta Youtuben. Astero bideo labur bat argitaratuko dugu, herriko ahozko ondarea ezagutarazteko. Hona hemen lehenengoa. Ea Oñatiko esamoldeak zuen gustukoak diren!

Txantxiku ikastolako, Institutuko eta Elkar Hezi ikastetxeko gaztetxo mordoa animatu da kamera aurrean jartzera. Herriko ondarea zabaltzeko egitasmoan beraien aletxoa jarri dute, eta herriko hainbat esamolde ezagutarazten lagunduko dute. Ikasle bikote bakoitzak esamolde bat edo bi aukeratu ditu, eta esamoldeen azalpenak eta adibideak eman dituzte. Helburua: herriko ahozko ondarea ezagutzea, balioan jartzea eta erabiltzea. 

Duela gutxi Oñatiko esamoldeen karta-jokoa plazaratu genuen eta arrakasta handia izan du. Egun gutxitan agortu zen eta bigarren tirada bat egin da. Oñatiera lantzeko ikasmateriala ere prestatu genuen, eta dagoeneko ikastetxeetan erabiltzen ari dira. 30 fitxa dira, Oñatierako hitzak eta adierazpideak ikasteko aukera ematen dutenak. 

2026ko asmoa: 365 esamolde aukeratzea, urteko egun bakoitzerako bat, eta horiek herrian zabaltzea. Besteak beste, Oñati irratiaren bidez. Urtero erabili daitekeen egutegia diseinatzea ere aurreikusten da, herriko sukaldeetan eta ikastetxeetan zintzilikatu eta erabili ahal izateko. 

Oñatiko Udalarekin, ikastetxeekin eta hainbat herritarrekin lankidetzan egindako proiektua da. Badihardugu elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren babesa dauka ahozko ondarea jasotzeko eta lantzeko. 

Irudian, Oñatiko institutuko bi ikasle, esamolde bat esplikatzen. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia