Oñatiko esamoldeak hedatzen, hainbat modutan: irratian, sarean eta paperean

2026ko ira. 28a, 09:06

Oñatiko esamoldeak zabaltzeko egitasmoaren barruan, hiru lan-ildo ari dira jorratzen: Oñati irratian egunero esamolde bat esaten dute, ikasleek grabatutako bideoak zabaltzen ari dira eta 365 esamolderekin egutegia ari dira prestatzen. 

Oñatiko Udalak eta Badihardugu elkarteak duela bi urte hasi zuten herriko esamoldeak jaso eta zabaltzeko bidea. 2025ean Oñatiko esamoldeen karta-jokoa plazaratu zuten, herrian arrakasta handia izan zuena, eta lanean jarraitzen dute. 2026ko erronka: 365 esamolde aukeratu, eta zabaltzea. Ekimen horren haritik, urtarriletik Oñati Irratian egunero esamolde bat ari dira esaten. Gainera, Badihardugukoak esamoldeen egutegia ari dira prestatzen, 365 esamolderekin, urtea amaitu aurretik plazaratuko dena. Eta, iaz hasitako bidetik, astero bideo labur bat argitaratzen dute sareetan, ikastetxeetako ikasleekin grabatutakoa. Helburua: herriko ahozko ondarea ezagutzea, balioan jartzea eta erabiltzea. 

365 esamolde prestatu zituen Badiharduguk eta egunero bat esateko konpromisoa hartu zuten Oñati irratian. Miren Urkiola esatariak Beatriz Irizar eta Roberto Altuna herritarrekin grabatu ditu esamoldeen azalpenak eta adibideak, eta egunero ari da esamolde bat irrati-uhinen bidez zabaltzen, urtarriletik abendura bitartean.

Urtero erabili daitekeen egutegia diseinatzen ari dira orain Badihardugukoak, herriko sukaldeetan eta ikastetxeetan zintzilikatu eta erabili ahal izateko. Mirari Sagarzazu ilustratzailea dute bidelagun moduan, karta-jokoan bezalaxe. Oñatiko 365 esamolde. Betirako egutegixa urtea bukatu aurretik argitaratzeko asmoa dute.

Bestetik, iazko maiatzean Badihardugu euskara elkarteko kideek DBHko ikasleak grabatu zituzten Oñatiko ikastetxeetan, herriko esamoldeak azaltzen. Txantxiku ikastolako, Institutuko eta Elkar Hezi ikastetxeko 50etik gora gaztetxo animatu ziren kamera aurrean jartzera. Bideoak editatu ostean, 2025eko abenduan hasi ziren hedatzen, sare sozialetan (Instagram, Mastodon, Facebook, X), Youtuben eta Goi TBn. Astero bideo labur bat argitaratzen dute: udako etenaldiaren ostean, berriro hasi dira. "Hauspokerixak esan" eta "Patrifiliuak egin" izan dira azkenak, bata Elkar Hezi ikastetxeko bi ikasleren azalpenekin eta bestea institutuko ikasleekin grabatua:

Oñatiko Udalarekin, ikastetxeekin eta hainbat herritarrekin lankidetzan egindako proiektua da. Badihardugu elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren babesa dauka ahozko ondarea jasotzeko eta lantzeko. Mila esker guztiei!

Goiko irudian, Oñatiko Txantxiku ikastolako bi ikasle, esamolde bat esplikatzen. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia