Oñatiko DBHko 148 ikaslek hartu dute parte Appa Hi! lehiaketan

2025ko abe. 4a, 08:18

Hitanoari keinua egin zioten atzo Oñatin, Euskararen Egunean. Institutuko, Txantxiku ikastolako eta Elkar Hezi ikastetxeko DBH3ko eta DBH4ko 148 ikaslek Appa Hi! lehiaketan parte hartu zuten, Gaztelekuan.

Oñatin ohitura bihurtzen ari da Euskararen Egunean herriko hitanoa aintzat hartzea. DBH3ko eta DBH4ko 148 ikasle pasatu ziren atzo, eguerdi-bazkaloste partean, Oñatiko Gaztelekutik, lau txandatan banatuta. Appa Hi! lehiaketan parte hartu zuten guztiek. Txanda bakoitzean puntuazio onena lortu zutenek saria ere eskuratu zuten: 75 euroko txartela, Oñatiko dendetan kultur produktuak erosteko. Oñatiko Udalak antolatu zuen Appa Hi! lehiaketa, ikastetxeekin eta Ingo Xonau! egitasmoarekin elkarlanean, Euskararen Egunean hitanoari ere merezi duen lekua emateko. Euskaraldia Hikaren barruan ere egin zuten Appa Hi! lehiaketa: eskolartekoa, maiatzean, eta oso giro polita sortu zen. 

Ikasle guztiei Oñatiko hika ikasteko poltsikoko liburuxka banatu zieten. Ondoren, Xabier Zabaleta euskara teknikariak "Egingo dinagu" abestia ipini zuen, Aintzane Agirrebeña eta Mirari Azkune trikitilariek kantatua, hikako adizkiekin girotzen hasteko: kantuaren testua eman zien, eta hutsuneak bete behar izan zituzten. Aplikazioa deskargatu eta lehiaketa kodea sartu ostean, bost partida jokatu zituzten: 50 galdera guztira. Gaztetxoak larunbat honetan -abenduaren 6an- Durangoko azokan egingo den Hikadromora joatera ere animatu zituzten; izen-ematea zabalik dago. 

Hika ikasteko aplikazioa da Appa Hi! eta debalde deskargatu daiteke, eskuko telefonoan. Hainbat herritako bertsioak daude aukeran. Oñatirako sortu zen lehenengoa eta hantxe egin zuten I. Appa Hi! lehiaketa ere, duela hiru urte, Euskararen egunean. Aurtengoa hirugarrena izan da, beraz. Lehenengoan Txantxiku ikastolakoek bakarrik hartu zuten parte eta iaz, aurten egin duten bezala, hiru ikastetxeetako ikasleek. Aplikazioa deskargatzen duen erabiltzaile orok dauka lehiaketak sortu eta taldean jokatzeko aukera.

Argazkia: Xabier Zabaleta euskara telnikaria atzo Oñatiko gaztelekuan Appa Hi! lehiaketako txandetako bat gidatzen. Iturria: Idoia Etxeberria / Ingo Xonau!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia