Oñatiko Ahotsak, 110 lekukori eskertza
2011ko urt. 21a, 13:25
Asteazkenean, hilak 19, Oñatiko Ahotsak proiektua aurkeztu zen jendaurrean. Proiektu horretan lekuko moduan parte hartu duten 110 hizlari omendu ziren.
Asteazken arratsaldean Oñatiko Ahotsak proiektuaren aurkezpena egin zen Oñatiko kultur-etxean. Bertan batu ziren besteak beste: Oñatiko Udaleko ordezkariak, Badihardugu Euskara Elkarteko kideak eta proiektu horretako protagonista nagusiak; Oñatiko Ahotsak egitasmoaren baitan euren bizitzaren lekukotasuna eman duten oñatiarrak.
Oñatiko Udaleko euskara teknikari den Marian Lizarraldek egin zuen aurkezpenaren sarrera, eta ondoren Mikel Iturrospe euskara zinegotziak udalak proiektu hau bultzatu izanaren arrazoiak azaldu zituen. Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeñak eta Kepa Elortzak eman zuten proiektuaren nondik norakoen berri eta bukaeran dagoeneko ahotsak.com/oñati atalean ikusgai dauden hainbat pasarte ikusi ahal izan ziren.
Goienako lagunak ere ekitaldian izan ziren eta hona hemen eurek egindako erreportaia.
Duela bi urtetik hona Badihardugu Euskara Elkartearen eta Oñatiko Udalaren elkarlanetik sortutako proiektu honetan 110 hizlariren lekukotasunak bildu dira. Kepa Elortza oñatiarra izan da etxerik etxe elkarrizketak egiten ibili dena eta guztira 60 lekuko inguru elkarrizketatu ditu. Bildutako informazioa landu ere egin da, grabazioen laburpenak eginez. 1010 pasarte daude kontsultagai; horietatik 220 pasartek transkripzioa dute eta 250 pasarte ikusi edo entzun egin daitezke.
Asteazkeneko aurkezpenean Oñatiko udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak proiektuan parte hartu duten lekukoak eskertu nahi izan zituzten. Hau dela eta, ekitaldiaren amaieran lekuko bakoitzak bere elkarrizketaren kopia eta udalak argitaratutako egutegia jaso zituen. Ekitaldian gogoan izan zituzten, halaber, proiektua jendaurrera ezagutara eman aurretik hil diren lau lekukoak.
Eskerrik beroenak Oñatiko Udalari eta egitasmo honetan parte hartu duten guztiei.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.