Oñatierazko mikro-narrazioen I. lehiaketa antolatu dute, herriko euskara bultzatzeko

2026ko mai. 5a, 17:34

101 BERBA narrazio hiperlaburren I. Lehiaketa da. 15 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei begira antolatu dute, gazteen sormena eta euskararen erabilera sustatzeko. Hitanoaren erabilerarekin lotutako sari bereziak ere izango dira. 

Gaia librea da eta ez da asko idatzi behar. Gutxienez 11 hitz eta gehienez 101. Hori bai, oñatieraz idatzi behar da, herriko hizkera bultzatzea delako 101 BERBA  mikro-narrazioen I. Lehiaketaren helburua. Gazteen sormena eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz antolatu dute Oñatiko Udalak eta Badihardugu elkarteak. Hitanoari ere keinu bat egingo diote: hika erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango, baina modu positiboan baloratuko da eta sari bereziak banatuko dira: Ingo Xonau! sariak. Lanak aurkezteko epea bihar irekiko da eta maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Parte-hartzaileek gehienez bi narrazio aurkeztu ahal izango dituzte, betiere oñatieraz idatzita (euskalkian idazteko irizpideak hartu beharko dituzte aintzat). Lehiaketa 15 eta 18 urte bitarteko Oñatiko gazteei zuzenduta dago. Bi kategoria daude: DBH 3-4 mailan, lehen sariak 200 euroko erosketa-bonua izango du, eta bigarrenak 100 eurokoa. Batxi 1-2koen kasuan, nberriz, lehen saria 300 euroko erosketa-bonua izango da, eta bigarrena 200 eurokoa. Bi mailatan, gainera, 100 euroko sari bana emango da hika erabilera onenarentzat.

Lanak e-postaz bidali beharko dira Oñatiko Udaleko Euskara Zerbitzura (narrazioak@onati.eus helbidera) eta narrazioarekin batera egilearen datuak ere aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, jaioteguna, telefonoa eta ikastetxea. Epaimahaia euskara arloko adituek osatuko dute, besteak beste, euskara teknikaria, udal euskaltegiko kide bat, “Ingo Xonau!” taldeko ordezkari bat eta herriko ikastetxeetako irakasleak. Lanak baloratzeko, hainbat irizpide hartuko dira kontuan: zuzentasuna eta egokitasuna (%50), originaltasuna eta umorea (%25) eta hitanoaren erabilera (%15).

Irabazleen berri 2026ko irailaren hasieran emango da, eta sariak handik gutxira banatuko dira, Oñatiko jaien testuinguruan. Gainera, aukeratutako narrazioekin irakurraldi publikoa egingo da, eta lan horiek ikastetxeetan erabiltzeko aukera ere izango da.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia