Oiartzungo Appa hi! aurkeztu dute Txerri Egunean
2025ko abe. 22a, 13:51
Oiartzungo Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideek hika ikasteko eta praktikatzeko Appa hi! aplikazioaren Oiartzungo bertsioa aurkeztu zuten larunbatean, Txerri Egunean. Badihardugu Euskara Elkartea eta Codesyntax enpresa dira aplikazioaren sortzaileak. 13.en bertsioa da Oiartzungoa.
Larunbatean, abenduaren 20an, Txerri Eguna ospatu zuten Oiartzunen. Artisau eta ganadu feriaz gain, dantzarien emanaldiak ere izan ziren, besteak beste. Herriko Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak Appa hi! aplikazioaren Oiartzungo bertsioa aurkeztu zuen. 2021ean sortu zuten hika ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak eta Codesyntax enpresak. Hasierako bertsioa Oñatirako egin bazen ere, berehala sortu zuten euskara batukoa ere, eta ordutik hainbat herritarako atalak prestatu dira. Larunbatean aurkeztu zen Oiartzungo bertsioa 13.ena da. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko Itsaso Aldai izan da testuak eta galderak moldatu dituena eta Oiartzungo Udalaren babesa jaso du.
Beste herri askotan gertatu den antzera, Oiartzunen ere beherakada nabarmena izan du hitanoak. Hala ere, duela zenbait urtez gero hika biziberritzeko interesa dago herrian eta hainbat ekimen egin dira hitanoa bultzatzeko: hika ikastaroak, Oiartzungo hika patrikan poltsikorako liburuxka... Horrez gain, Itsaso Aldaik berak hika saioak ematen dizkie herriko gaztetxoei Oiartzungo ikastolan, LH5etik DBH4ra, eta aurten Elizalde Institutuko DBH1eko ikasleei ere bai. Hika biziberritzeko ahalegin horretan urrats bat gehiago eman eta Oiartzungo Appa hi! aplikazioa prestatu dute oraingoan, nahi duen orok jolas eran hika ikasi eta praktikatzeko aukera izan dezan.
Hauxe da Appa Hi! aplikazioaren helburua: jolastuz ikasi; modu errazean, jolasean, ia konturatu gabe 5 astean hitanoaren oinarriak ikasteko aukera ematen du. Hitanoaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, baina ikasketa-prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak eta marrazkiak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Oiartzungo hika (edo aukeratzen den herrikoa) ikastea.
Argazkian, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko Itsaso Aldai, azalpenak ematen. (Ttur-ttur Euskaltzaleon Elkarteak utzitako argazkia)
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





