Nola hitz egiten dute gazteek? Tokian tokiko euskalkiak ezagutzeko bideoa

2021ko urt. 7a, 13:31

Ahotsak.eus proiektuaren helburuetako bat euskalkiak jasotzea da, herririk herri. Adinekoen jarduna ez ezik, baita gazteena ere. Prestatu dugun bideoan gazteak euskalkian hitz egiten agertzen dira, eta tokian tokiko berezitasunak ezagutzeko balio du. 

Euskara oso aberatsa da. Euskalkiek aberasten dute. Gazteak euskalkian hitz egiten. Hori da prestatu dugun bideoaren edukia. Bost euskalki nagusietako adibideak batu ditugu (gipuzkera, bizkaiera, nafarrera, nafar-lapurtarra eta zuberera), tokian toki ezaugarriak ezagutarazteko: 

Bideo hau ikastetxeetan erabiltzeko gertatu dugu, Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin. Euskalkiekin lotutako beste hainbat bideo ere baditugu: Euskalkiak eta umorea, Ezin elkar ulertu?, Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan, Euskara batua eta euskalkiak... 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Euskalkiak eta euskararen historia ezagutaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikasgeletan, Batxilergoko Euskara eta literatura ikasgaian erabiltzeko proposamen pedagogikoak ere gertatu ditugu, eta fitxa sortu dugu Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. "Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 110 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako, DBHrako zein Batxilergorako.

 

Irudian, Koldo Zuazoren euskalkien mapa (1999).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia