Noka ikastaroak antolatu dituzte Orion eta Azkoitian

2022ko ots. 9a, 17:24

Azken urteotan hitanoa biziberritzeko proiektu asko jarri dira martxan han eta hemen. Kasu askotan, gainera, nokaren galera tokarena baino nabarmenagoa dela ikusita, emakumezkoei zuzendutako ikastaroak antolatu dira, ahalduntzeko tresna gisa duen garrantziagatik. Orion eta Azkoitian, esaterako, irekita dago noka ikastaroetan izena emateko epea.

Nokak edo emakumeei zuzentzerakoan erabili behar den hitanoak izugarrizko beherakada izan du. Eta ez da oraingo kontua, gainera. Herri batzuetan oraindik ere noka entzun daitekeen arren, jada aurreko belaunaldietatik dator nokaren gainbehera. Oñatin, esaterako, adineko emakume batzuek oraindik ere noka darabilten arren, gazteen artean oso galduta dago, bideo honetan hainbat herritarrek azaltzen duten moduan:

Emakumeen ahalduntze bidean tresna garrantzitsua izan daitekeela iritzirik, hainbat lekutan abiarazi dituzte noka bultzatzeko proiektuak. Azken urteetan indar handia hartu duen Oñatiko Ingo xonau! egitasmoa da adibideetako bat. Baina beste hainbat herritan ere bide horretan lanean ari dira. Orion eta Azkoitian, esaterako, noka ikastaroetarako izen-emateak zabalik daude. Orion Ahalduntze Eskolak antolatu du ikastaroa, Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean eta ikastaroa otsailaren 18an hasiko den arren, oraindik ere izena emateko epea irekita dago. Azkoitian, berriz, Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak emakumeen ahalduntzerako zortzi ikastaro aurkeztu ditu eta, tartean, Euskara Zerbitzuarekin eta Hike eizan! proiektuarekin elkarlanean antolatu duen Noka eizan! ikastaroa ere bai. Xabier Eizagirre herritarra izango da irakaslea eta saioak ostegunetan izango dira 18:00etatik 20:00etara, maiatzaren 5etik ekainaren 9ra. Izena emateko epea otsailaren 22an itxiko da.

Animatu hadi hi ere!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia