Nafarroako Euskararen Fonoteka

2004ko eka. 5a, 09:32

Euskararen Fonoteka izenburupean euskal hiztunei egindako bi mila grabaziotik gora bildu dituzte. Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin, euskarri iraunkorrean ezarri ditu.

Aurretiko lana

Pegenauteren zuzendaritzaren ardatzetako bat da euskalkien ikerketa bultzatzea, eta 1999an hitzarmena sinatu zuen Euskal Kultur Erakundearekin, Fonotekaren proiektua garatzeko. Lehen zatia Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin zuen, eta gero Elea enpresak garatu du.

Hainbat ikerlarik bildutako materiala erabili da: Jose Maria Satrustegi, Iñaki Camino, Iñaki Gaminde, Orreaga Ibarra, Patziku Perurena, Kike Diez de Ultzurrune. Beste zenbait proiektutan jasotako ere gehitu dute:

  • 1990ean toponimia lanak egiteko hainbat herritan bildu ziren inkestak.
  • Euskaltzaindiaren Hizkuntza Atlasa
  • Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa
  • Hainbat unibertsitatetako fondoak.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Mintzoak izeneko grabazio sorta argitaratu eta kaleratu zuen 1990ean eta 1993an. Halaber, bildutakoaren artean, badira Xorroxin, Euskalerria, Esan Erran, Irati eta Irulegi irratietan jasotako grabazioak ere.

Euskalkietako 2.200 grabazioak daude entzungai Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan. Hona datu batzuk:

  • Aezkeraz laurogei grabazio daude.
  • Baztaneraz ehun eta hemezortzi.
  • Goi nafarreran zazpiehun baino gehiago.
  • Zaraitzueraz hogeita hamar.
  • Nafarroako gipuzkeraz ehun eta laurogeita hamar.

www.fonoteka.com

Oraindik ezin dira entzun

Azken berrogei urtetan egindako euskarazko grabazioak digitalizatu dira eta horien artxiboa (katalogoa) sarean jarri da. Grabazio bildumaren gaineko informazioa aurkezten da webgunean: egilea, laburpena, grabazio urtea, hiztuna, soinu kalitatea, kontsulta, ikertzailea…

Baina, oraingoz, ezin dira grabazioak entzun. Internet bidez grabazioak entzun ahal izateko lanean ari dira arduradunak eta zehazteke dago noiz jarriko diren grabazioak sarean.

Egun, grabazioak entzun ahal izateko hitzordua eskatu behar da: 948 42 64 58 telefonoan, edo helbide elektronikoz.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia