Muxikako ahotsak proiektuaren aurkezpena

2013ko urt. 3a, 10:32

Azken hiru urteetan egindako lana aurkeztuko dugu bihar Muxikako Udalarekin batera. Proiektuan parte hartu duten 35 lekukoak omentzearekin batera udalerrian egindako lanaren berri emango dugu.

Hiru urteko lanaren ostean, 2009 bukaeran hitzartu baikenuen Muxikako ahotsak egitasmoa, bihar aurkeztuko dugu bertan egindako lanketa. Guztira 35 herritar elkarrizketatu dira bertako euskara eta ahozko ondarea batzeko. Auzoz auzo, gaur egungo Muxika osatzen duten hiru udalerri ohietako adineko jendea elkarrizketatu dugu guztira 70 orduko lagina lortuz: 9 lekuko Gorozikako udalerri ohian, 13 Ibarrurin eta beste 13 lehengo Muxikan.

Gabon programaren baitan, egitasmo hau posible egin duten guztiak gonbidatu ditugu biharko hitzordura (urtarrilak 4, barikua). Kurtzero auzoko Zubieta errotan izango da arratsaldeko 18:30ean. Bakoitzari bere elkarrizketaren DVD kopia bat banatuko dio Udalak eskertza-diplomarekin batera.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia