Miren Azkarate hizkuntzalaria: euskara lanbide eta bizimodu

2022ko urt. 10a, 09:30

Miren Azkarate hizkuntzalaria elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako. Euskalgintzan zeresana izan duten 16 donostiarren testigantzak jaso ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Euskaltzalea, filologoa. Irakaslea, politikaria. Miren Azkaratek (Donostia, 1955) ezin du bizitza euskara gabe imajinatu. Donostian jaio zen, familia abertzale batean. Giro euskaldunean hazi zen, Donostia erdaldunduan: etxean euskaraz hitz egiten zuten, eta umetan Karmele Esnalen ikastola klandestinoan ibili zen. Euskara izan da bere lan-ibilbidearen ardatza: Euskal Filologiako irakaslea da, lehenengotakoa, eta euskaltzain osoa. Besteak beste EHUko Euskarako errektoreordea, EiTBko hizkuntza-aholkularia eta Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Donostian jaioa, hiru ahizpatan erdikoa (ama berarenak bi; aitaren aldetik ahizpa zaharrago bat du, Bergaran). Guraso biak Bergarakoak zituen, eta hango euskara hitz egiten zuten etxean. Arrasate kalean bizi ziren, eta ikastolan ibili zen lau urtetik zortzi urte bitartean. Ondoren, San Bartolome moja-ikastetxean egin zituen ikasketak, gaztelaniaz. Filosofia eta Letrak ikasi zituen, Deustun, eta Filologia Erromanikoko adarra aukeratu zuen. Euskara klaseak ematen hasi zen, artean ikaslea zela. 1978an irakasle lanetan hasi zen, Euskal Filologian, Deustun; 1988an doktoretza tesia ere egin zuen. Ordutik EHUko irakaslea da, Euskal Filologian. Aditua da lexikologian eta morfologian. 

Hainbat ardura kargu izan zituen EHUko administrazioan, Euskarako errektoreorde besteak beste; euskara-plana diseinatzen ere jardun zuen. Euskaltzain osoa da 1992. urtetik: lehen emakumezkoa euskaltzain oso izaten, eta hainbat lan egin ditu Euskaltzaindian.

Euskal Telebistan 'Balinda' saioa aurkeztu zuen, eta EiTBko hizkuntza-aholkulari ere izan zen aldi batez. 2001etik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen; baita Jaurlaritzako bozeramailea ere, 2005etik 2009ra. Bi alabaren ama da. 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Mirenen grabazioko 35 bideo-pasarteak hemen ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona baino gehiago daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia