Memoro.org, mundu zabalean memoria jaso eta hedatzen

2011ko aza. 29a, 16:47

Eusko Kultur Fundazioak eta Labrit multimediak deituta, memoro.org proiektuaren aurkezpena izan zen atzo Iruñean. Hainbat herrialdetan abiatu den proiektua da, memoria jaso eta transmisioari bide emateko.

Euskal Herrian ahozko ondarea batzen dihardugun elkarte batzuetako ordezkariak batu ginen bertara, deitzaileez gain, eta gure jardunaren berri modu laburrean ere azaldu genien: Labayru Ikastegia, Mintzola Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Lenbur Fundazioa eta Badihardugu Euskara Elkartea.

Memoro proiektua 2007ko udan sortu zen, Italian. Hainbat lagunen artean bazen kezka bat, memoriaren transmisioan etena zegoela ohartu ziren eta horren aurrean zerbait egin beharra zegoela. Langue eskualdean, ardoa egiten den lekuan, bertako adinekoekin ardotxo bat edanaz hizketara batu ziren. Horren harira, grabazioak egiteari ekin zioten eta Italian zehar tour bat egin zuten, proiektuari haize emateko eta elkarrizketak egiteko. Elkarrizketa libreak egiten dituzte: "ondorengoek jakin dezaten nahiko zenukeena kontatu ezazu" esaten diete.

Ardo artean sortutako proiektuak bide emankorra egin du geroztik eta Itailan ez ezik, nazioartean zabaldu da. Bolondresen bitartez lan egiten dute. Helburu nagusia memoria batu eta transmisioa gaur eguneko tresnak erabilita gauzatzea da, eta horren bitartez gizartean memoria balioztatzea. Webgunearen aukeretako bat norberak egindako grabazioak bertan zintzilikatzea da. Orria eguneratuko dute urtea amaitu aurretik eta 2.0 formatua izango du. Parte hartzea sustatu nahi dute eta memoria denon esku utzi, interakzioa bultzatuz.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia