Matxitxakoko batailaren 75. urteurrena

2012ko mar. 5a, 16:30

Gaur 75 urte, 1937ko martxoaren 5ean, urperatu eta suntsitu zuen Canarias ontzi frankistak Euzkadiko gobernuko Bou Nabarra gerra-ontzia. Kantauri itsasoko borroka garrantzitsuena izan zen Matxitxako parean izandako hau.

1937ko martxoaren 3an, Francoren gerra-ontzi indartsuenak, "Canarias" ontziak, Galiziako Ferrol herriko portutik euskal kostalderanzko bidea hartu zuen. Errepublikako merkatari-ontzi batek Mexikotik zekarren karga atzematea zuen helburu.

Ibilbide horretan, Baionatik Bilbora zihoan "Galdames" merkataritza-ontziaren eta hori babesten zihoazen hainbat bou euskaldunen berri izan zuten "Carnarias"ekoek. Bou horiek Euzkadiko Gobernuak gerraontzi bihurtu zituen arrantza-ontzietako gutxi batzuk baino ez ziren: "Bizkaia", "Donostia", "Gipuzkoa", eta "Nabarra".

Bouek bide desberdinak hartu ostean, "Galdames" mendean hartu eta "Nabarra"ko eskifaiaren kontrako borrokari ekin zien. Enrique Moreno komandante murtziarraren agindupean, ez errenditzeko erabakia hartuz borrokan aurrera egin zuten. Ontzia hondoratu, 34 lagun hil eta 20 kide irten ziren bizirik. Bizirik irtendako horiek heriotza-zigorrera kondenatuak izan ziren eta indultatuak izan arren ez ziren kartzela-zigorretatik libratu.

"Bou Nabarra"ko azken marinela, pasa den abenduan hil zen hementxe bertan gogoratu genuen moduan.

Ahotsak.com webgunean garai hartara garamatzaten hainbat pasarte ditugu. Erramun Manterola zumaiarrak, esaterako, orduan bizi izandakoak kontatu zizkigun.


Canariasekin topo egin zutenekoa

 


Canariasek eraso egin zien momentua

 


"Gipuzkoa" salbatu eta "Nabarra" hondoratu zenekoa

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia