Maite Gonzalez idazlea elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako

2021ko urr. 18a, 10:27

Maite Gonzalez Esnal idazle eta itzultzailea elkarrizketatu dugu, Donostiako Ahotsak proiekturako. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Maite Gonzalez Esnal (Donostia, 1943) euskararekin maitemindu zen. Ez zen bere umetako hizkuntza; ikasi egin zuen, euskara ikastea modan ez zegoen garai batean ikasi ere. Idazlea eta itzultzailea da, eta literaturazale amorratua: irakurle-taldeak gidatzen ditu. Euskal idazleen Elkarteko idazkaria ere izan zen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Ategorrietan jaioa, bertako eskola publikoan ikasi zuen Maitek. Gaztelaniaz, noski. Ama Irungoa zuten, jostuna, eta aita donostiarra, baina etxean gaztelaniaz hitz egiten zieten: hitz solte batzuk soilik entzun zituen euskaraz, amaren ahotik. 13 urterekin denda batean hasi zen lanean, eta, akademia batean administrari-lanak ikasi ostean, hainbat bulegotan jardun zuen ondoren. "Bulkada emozional" batek eraginda hasi zen euskara ikasten, Donostiako parte zaharrean, modu erdi klandestinoan. 

Senarraren lanarengatik Bartzelonara joan ziren bizitzera, eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen han. Bueltan euskara ikasten jarraitu zuen: batez ere semearekin joan zen askatzen. Hainbat liburu idatzi ditu, eta idazketa-tailerrak ematen ere aritu izan da.

San Telmo museoan egin genion elkarrizketa, Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 167 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostialdeko euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen hasi gara.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia