Lizartzako Ahotsak proiektua aurkeztu dugu

2014ko urr. 29a, 09:47

Parte hartu duten guztiei eskerrak emateko ekitaldia izan da. Lizartzan 13 lagun elkarrizketatu ditugu, bertako euskara eta historia jasotzeko. Haien testigantzak Interneten ikus daitezke, eta baita aurkezpeneko bideoa ere. 

Lizartzako udaletxean izan zen hitzordua, atzo arratsaldean. Ester Mugertzak hartu zuen hitza, Udalaren izenean bertaratutakoei ongi etorria egiteko. Ondoren, Ahotsak proiektuko kide batek herrian egin dena azaldu zuen. Parte hartzaile guztien testigantzekin osatutako bideoa ikusiaz eman zitzaion amaiera ekitalditxoari. Bakoitzari bere grabazioaren kopia eman, talde argazkia atera, eta Txirrita elkartean mokadutxoa egin genuen. Lehengo kontuak berritzen, umore onean. 

Lizartzan 13 elkarrizketa egin genituen 2011. urtean. Maddi Soroa kazetaria ibili zen langintza horretan. Bertako ahozko ondarea jasotzea zen helburua: bertako euskara ez ezik, baita historia ere. Lizartzako Udalari esker, grabazio guztiak lantzeko aukera izan dugu: jasotakoa minutuz minutu entzun, pasarte interesgarrienak aukeratu eta bideoak sarera igotzekoa. Guztira 166 bideo pasarte ikus daitezke www.ahotsak.com webgunean. Elkarrizketatu genuen herritar bat, Maria Esnaola, Leaburukoa da jaiotzez, eta hura Leaburun azaltzen da. Esnaola Lizartzako edadetuena da, 99 urterekin, eta aurkezpenean izan zen hura ere.

Ahotsak.com ahozko artxiboan jasotako testigantzak interesa duen ororen eskura daude, lizentzia librearekin: historialariak, senideak, irakasleak... Gainera, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko asmoz, Ikasgelan webgunea sortu genuen. Hainbat bideo tematiko ditugu bertan, Euskal Herriko toki askotako testigantzaz osatuak. Bideo horietako batean Lizartzako Joxe Mari eta Julian Zinkunegi anaiak agertzen dira. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia