Ezagutu LGTBIQ+ kolektiboko letra guztien esanahia, bideo hau ikusita

2022ko eka. 28a, 14:34

Ahotsak.eus proiektuan hainbat elkarrizketa egin ditugu genero berdintasuna eta aniztasuna lantzeko. Baita bideoak prestatu ere, jasotako testigantzekin. Horietako bat "LGTBIQ+ kolektiboa" da, kolektibo hori osatzen duten taldeen errepaso txiki bat egiten duen bideoa.

Gaur LGTBI+ pertsonen nazioarteko eguna da. L lesbiana, G gay... Zer da transgeneroa? Zer da queer? Zer da intersexuala? Eta demisexuala? LGTBIQ+ kolektiboak talde asko hartzen ditu bere baitan. Ahotsak.eus proiektuan aniztasuna lantzeko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Besteak beste Josebe Iturrioz, Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta elkarrizketatu ditugu. Bideo honen helburua letra bakoitzaren esanahia pixka bat argitzen laguntzea da: 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Bereziki adinekoak elkarrizketatzen ditugu, sasoi bateko kontuak jasotzeko, baina beste era bateko elkarrizketak ere ari gara egiten. Gazte Gara Gazte atala ere badaukagu, gazteen ahotsa jasotzeko. Ondarea oso zabala da, eta egunez egun berritzen doa.

Bideo hau ikastetxeetan, DBHko Balio Etikoak ikasgaian, erabitzeko proposamen pedagogikoak ere gertatu ditugu, eta fitxa sortu dugu Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. "Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 111 bideo jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako, DBHrako eta Batxilergorako. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia