Legazpiko lekukoei eskertza

2010ko abe. 20a, 11:36

Joan zen ostiral arratsaldean ekitaldi hunkigarria egin zen Legazpin. Azken urtean 35 herritar elkarrizketatu ditugu, Burdinola Elkartearen laguntzarekin batera, eta gure eskertza adierazi genien. Gainera, bakoitzari bere grabazioaren kopia bana banatu genien.

Aurkezpen polita izan zen Burdinola Elkarteko lagunek antolatu zutena. Jende ugari eta aretoan giro polita. 2010. urte honetan elkarrizketatu ditugun hainbat herritar ere bertan izan genituen, eta baita hainbat senide eta lagun ere. 

Burdinola elkarteko presidente Joxe Luis Ugartek egin zuen sarrera eta proiektuaren inguruko zenbait azalpen eman zituen. Ondoren, Aitziber Otegik, Ahotsak proiektuko kide eta Legazpiko elkarrizketak egin dituenak, urtean zehar egindako lana laburbildu zuen.

Bukaeran, jolas txiki bat ere egin genuen. Legazpiko eta inguruko 8 hiztunen pasarteak jarri genituen, eta entzuleek herria asmatu behar zuten.

Aurtengo honetan grabazioak egiteko unea izan da. Ondo bidean, datozen hilabeteetan bildutakoa lantzen eta aztertzen hasiko gara. Eskerrik beroena udalari eta Burdinola Elkarteari, emandako laguntzagatik.

Antzuolan ere bai

Antzuolan ere antzeko aurkezpena egin zen orain egun batzuk. Antzuolan asko lan gehiago egin da, 2004. urtean hasi baikinen lehenengo elkarrizketak egiten eta lekukotasunak jasotzen.

Lana oraindik ere bizi da eta aurten ere beste zenbait elkarrizketa egin ditugu eta lanketa-fasearekin jarraitzen dugu.

Joan zen asteko aurkezpenean, azkenaldian egindako lana aurkeztu zen.

Antzuolako Ahotsak

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia