Larunbatean Hika Eguna ospatu zuten Oñatin, jai giroan hika praktikatzeko

2023ko mai. 15a, 07:57

Oñatiko Ingo Xonau! taldeak Hika Eguna antolatu zuen Oñatin larunbatean. Hika-poteoa, hika-bazkaria eta Eingo taldearekin kale-erromeria izan ziren, eta giro ederra sortu zen.

Jai-giroan hika praktikatzea zen Oñatiko Hika Egunaren helburua. Hika-bazkaria egin zuten, Iturritxo jatetxean, eta ondoren hika-poteoa. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, berriz, Eingo taldearekin batera kalez kale ibili ziren, abesten eta dantzan. Giro aparta sortu zen, bai bazkarian eta baita ondoren ere. Bazkarian hika praktikatzeko jolasak egin zituzten, eta baita hikako abestiak abestu ere, besteak beste "Txunau txunau".
 
Oñatiko hika, bereziki noka (emakumeei egiten zaiena), biziberritzeko sortu zen Ingo Xonau! taldea, herri ekimenetik, eta 2019tik hainbat ekimen egin dituzte, Oñatiko Udalaren laguntzarekin: elkarrizketak, hika ikastaroak, hikalaguna, txapak, liburuxkak... Iaz Trikika Eguna egin zuten, ekainean, Lizargarate trikitizale elkartekoekin batera. Eingo taldearekin giro ederra sortu zen eta, horregatik, aurten ere talde bera gonbidatzea erabaki dute. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia