Asteburuan Hika Eguna eta ostiralean Eskolarteko Appa Hi! lehiaketa Oñatin

2025ko mai. 20a, 10:51

Euskaraldia Hika ekimenaren barruan hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen ari dira egiten Oñatin. Larunbatean IV. Hika Eguna ospatu zuten, igandean Hika Bertso-saioa eta ostiral honetan, berriz, eskolarteko Appa Hi! lehiaketa egingo dute, Gaztelekuan. Tabernetan, berriz, LeHIaketa zozketan parte hartzeko aukera dago, Euskaraldiak iraun bitartean.

Oñati Euskaraldia Hika ekimenean parte hartzen ari den 83 herrietako bat da. 750 herritar baino gehiago animatu dira txapetan H pegatina ipintzera; alegia, hika entzutera edo/eta hitz egitera. Ostiral honetan gaztetxoen txanda izango da: 13:00etan Gaztelekuan egingo duten Eskolarteko Appa Hi! Lehiaketako finalean DBH-3ko ikasleek Oñatiko hikako adizkiak asmatu beharko dituzte. Ikastetxe bakoitzeko 15na ikaslek hartuko dute parte, kanporaketetan ondoen ibili direnak. Irabazleek Oñatiko dendetan kultur produktuak erosteko bonoak eskuratuko dituzte. Herritar guztiei begira, berriz, LeHiaketa dago martxan, Oñatiko tabernetan Euskaraldian zehar: nokako adizkiak asmatzeko 11 galderen erantzunak zuzen ematen dituztenek saski eder baten zozketan hartuko dute parte. Zozketa Euskaraldiko azken egunean izango da, igandean, Errekaldeko jaietan 19:00etatik aurrera egingo den itxiera ekitaldian. 

Hori bai, Oñati hitano giroan murgilduta dago dagoeneko. Aurreko larunbatean Hika Eguna ospàtu zuten, laugarren aldiz: hika-poteoa egin zuten lehenengo, hika-bazkaria ondoren (hika praktikatzeko jolasekin) eta arratsaldean EinGo taldearekin ibili ziren herriko kaleetan zehar, tabernaz taberna, kantuan eta dantzan. Urtero legez, oso giro polita sortu zen. Igande eguerdian, berriz, Hika Bertso Saioa egon zen Gaztelekuan. Oihana Iguaran, Miren Artetxe, Andoni Egaña eta Aner Peritz aritu ziren noka-toka bertsotan, Amaia Agirre gai jartzaile zutela. Giro bikaina sortu zen han ere. 

Oñatin hitanoa bultzatzeko beste ekimen batzuk ere izan dira, Euskaraldiaren barruan. Apirilaren 12an Mintzodromoa-Hikadromoa egin zuten Bizipoz kafetegian eta maiatzaren 15ean, berriz, Zopa antzezlana ikusteko aukera izan zen Santa Ana antzokian, noka-toka entzuteko aukera ematen duena. 

Ingo Xonau! taldea Oñatin noka biziberritzeko sortu zen, eta 2019tik hainbat jarduera egin dituzte norabide horretan. Ingo Xonau! taldearen ekimenak Badihardugu elkarteak koordinatzen ditu. Aurten Euskaraldia Hika egitasmoarekin elkarlanean egin dira antolaketa-lanak. 

Irudian, maiatzaren 17an Hika Eguneko hika-bazkarian parte hartu zuten lagunak. Iturria: Ingo Xonau!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia