Larunbatean "Euskaraz bizi nahi dut" eguna ospatuko da Eibarren
2014ko ira. 16a, 22:39
Larunbatean, irailaren 20an, "Euskaraz bizi nahi dut" eguna ospatuko da Eibarren. Herrian euskaraz bizitzeko dauden aukerak erakustea du helburu bertan egingo den azokak. Eguerdirako flashmob herrikoia ere antolatu dute. Bertso musikatuek emango diote amaiera egunari.
Eibarko Udalak eta herriko hainbat kultur talde eta elkartetako ordezkariek "Euskaraz bizi nahi dut" eguneko kartela eta egitaraua aurkeztu zituzten joan zen astean prentsaurrean. Esther Kareaga Eibarko Udaleko kultura zinegotziak eman zion hasiera aurkezpenari. "Eibarren euskara ikastea, praktikatzea eta euskaraz bizitzea eta gozatzea errazten eta laguntzen duten egitasmoak plazaratuko direla" adierazi zuen berak. Ondoren, herriko kultur taldeen izenean Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak "Euskaraz bizi nahi dut" egunaren ibilbidea eta helburua azaldu zituen labur-labur. Duela 3 urte hasi ziren Eibarren "Euskaraz bizi nahi dut" eguna ospatzen, Kontseiluak antolatutako lasterketarekin. Iaz antolatu zen azoka lehenbiziko aldiz, eta aurtengoan ere horixe izango da eguneko ekintza nagusia. Eibarren euskararen ezagutza handia den arren, erabilera-datuak ez dira hain onak, eta azokan erakutsi nahi da herrian badaudela euskaraz lan egiten duten talde eta elkarte ugari.
Aurtengoan, azokari bizi handiagoa emateko, flashmob herrikoia egingo da eguerdian. Josu Mujika Biraka dantza taldeko arduradunak prestatu ditu flashmoberako urratsak eta nahi duenak youtuben ikus ditzake, gainera. Mujikaren hitzetan "flashmob-aren helburua ez da dantzan ondo egitea, ondo pasatzea baino". Festa handi baten antzera imaginatzen omen du berak flashmob herrikoia.
Egunari amaiera emateko, bertso musikatuak izango dira. Hankamotxak bertso eskolakoek, saioaren antolatzaileek, eman zuten horren berri.
Hona hemen egitarau zehatza:
- 11:00-14:00 Euskararen azoka: Euskararen alde, euskaraz edo euskal kulturaren alde Eibarren lan egiten duten elkarteen eta erakundeen erakusketa azoka; besteak beste, euren jardueren azalpena emango dute.
- 13:00etan FLASHMOB herrikoia. (Urratsak ikusgai Youtuben “Euskaraz bizi nahi dut pausoak")
- 22:30ean Bertso musikatuak, Txantxa zelaiko kioskoan. Partaideak: Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Beñat Gaztelumendi, Jokin Labayen eta Manex Mujika bertsolariak; Ixak Arruti eta Antton Aranburu gitarrajoleak; eta Haritz Casabal izango da gai-jartzailea.
Aurten ere “Euskaraz bizi nahi dut” kamisetak salgai egongo dira Eibarko Klub Deportiboan, gaur, irailaren 17an, eta bihar 19:00etatik 20:30era.
Argazkian, Eibarko Udaleko eta herriko hainbat taldetako ordezkariak (Felix Morquechok DVrako egina)
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.