Lankidetzarako hitzarmena Urretxuko Lekaio Kultur Elkartearekin
2014ko ira. 11a, 09:29
Badihardugu Euskara Elkarteak eta Urretxuko Lekaio Kultur Elkarteak lankidetzarako hitzarmena sinatu dugu, gure kultur ondarea jaso eta gordetzeko helburuarekin.
Urretxuko Lekaio Kultur Elkartea herriko kultur adierazpen desberdinak bultzatzeko sortu zen. Arlo ezberdinetako taldeak ditu bere barnean, eta talde horietako bat antzinako bizimodua eta ohiturak jaso eta gordetzeaz arduratzen da. Urtero gai zehatz bat jorratzen dute eta gai horren inguruko hainbat lekukotasun jasotzen dituzte, gero jendeari erakusteko. 2012an, esaterako, "Lurra, garia, ogia" dokumentala aurkeztu zuten. Xabi Lasak egiten ditu elkarrizketak, baina herriko baserritar talde handi baten laguntza du galtzear edo dagoeneko galduta dauden hainbat eta hainbat ohitura jendeari erakusteko ahaleginean. Grabazioak egiteaz gain, erakustaldiak ere egiten dituzte herrian eta era guztietako lanabesak biltzen ari dira, gainera. Taldekideak oso kontziente dira ondare hori (bai ondare materiala eta baita ez-materiala ere) jasotzearen garrantziaz.
Badihardugu Elkarteak ere argi du ondare hori jaso eta gorde beharra dagoela; eta baita jendeari erakutsi ere. Bi elkarteek interesgarritzat jo dute elkarlanerako hitzarmen bat sinatzea, elkarri laguntza emateko eta indarrak batzeko. Hitzarmen honi esker, Lekaio Elkarteak orain artean egindako lana eta aurrerantzean egingo duena www.ahotsak.com webgunean katalogatuko da.
Irudian, Aintzane Agirrebeña eta Juan Luis Aranburu, lankidetzarako hitzarmena sinatzen.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.