Ahotsak.eus-en jasotako ipuinak lantzen, larunbatean Kontalaritza Eskolan

2025ko aza. 17a, 10:59

Kontalaritza Eskolako ikasleek Ahotsak.eus ezagutzeko eta bertan jasotako ipuinekin lanketak egiteko aukera izan zuten, aurreko larunbatean, Garaion Sorgingunean

Garaion Sorgingunean, Ozaetan (Araba) zen hitzordua, aurreko larunbatean, Kontalaritza Eskolan. Gaia: Istorioak nondik eta nola jaso. Irakasleak bi: Maialen Moreno, Iparraldean ipuinak jasotzen ibili den donostiarra, eta Idoia Etxeberria, Badihardugu euskara elkarteko kidea, Ahotsak.eus egitasmoan testigantzak jasotzen dabilena. Goizeko saioan Morenok bere esperientzia azaldu zuen eta baita hainbat ipuin kontatu ere. Arratsaldean, ikasleek Ahotsak.eus ezagutzeko aukera izan zuten eta bertan jasotako ipuinekin lanketak egin zituzten. 20 bat ikasle bildu ziren guztira. 

Ahotsak.eus erreferentzia bihurtu da irakasle eta ikerlari askorentzat, baita idazle eta konlarientzat ere. Herritar guztien eskura dagoen ahozko artxiborik handiena da. Denetik dago jasota: gerrako kontuak, baserrikoak, eskolakoak; lanbide zaharrak, ohiturak, kantak; ipuinak, anekdotak, txisteak. Norberaren intereseko kontuak nola aurkitu, hori izan zen larunbatean Etxeberriak ikasleei azaldu zien lehenbiziko gauza: zer dagoen, nola dagoen sailkatuta eta bilaketak nola egin. Ahotsak.eus webgunean 7.000 elkarrizketatu baino gehiagoren 75.000 bideo-pasartetik gora daude on-line, gaika sailkatuta. Ahotsak.eus webguneaz gainera, beste zazpi webgune ere badituzte, berezituak, gai zehatzak lantzeko: oroimen historikoa, gazteak eta euskara, Ahotsak Ikasgelan, hizkuntza aniztasuna, hitanoa eta euskal diaspora... eta ipuinak eta kantak

Hiztunak nola bilatu, elkarrizketetan zer eta nola galdetu, bideo grabazioak egiterakoan kontuan izan beharrekoak... prozesu guztia azaldu zien Etxeberriak Kontalaritza Eskolako ikasleei. Hainbat adibide erakutsi zizkien: Ahotsak.eus-en jasotako ipuinen eta pasadizoen bideoak ikusi zituzten, enkoadre eta argiztapen adibide okerrak ere bai (zer ez egin)... eta bi tailer egin zituzten: lehenengoan, ipuinak jasotzeko galdetegia osatzeko ariketa egin zuten ikasleek, talde txikietan bilduta. Bigarrenean, berriz, Ahotsak.eus-en jasotako hainbat ipuin lantzeko eta kontatzeko aukera izan zuten, binaka jarrita: artzaina eta jentila, astoa eta otsoa, Teodosioren ipuina, lamiaren ipuina, urtxintxa eta azeria, Maritxu neskatilatxoa... Denbora gutxi izan arren, oso lanketa politak egin zituzten eta ederki pasatu zuten.

Kontalaritza Eskola Arabazan elkarteak sortua da. Aurreko larunbatekoa bigarren saioa izan zen; hamar saio izango dira guztira. Ahozkotasunaren tradizioa landu eta gaur egunera ekartzea da helburuetako bat. 

Goiko irudian: Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea larunbateko aurkezpeneko une batean. Behekoan: Eskolako ikasleetako batzuk galdetegiari buruzko tailerrean parte hartzen. Iturria: Arabazan

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia