Koldo Zuazoren hitzaldia domekan, Euskal Herriko II. Hika Topaketaren atariko
2025ko urr. 31a, 13:35
Azaroaren 8an EHko II. Hika Topaketa izango da Markina-Xemeinen, eta igande honetan, berriz, giroa berotzen hasteko, Koldo Zuazok hitanoari buruzko hitzaldia emango du Etxebarrian. Hurrengo larunbateko hika bertso-saioa bezalaxe, herritar guztiei zuzenduta eta doan izango da.
Hitanoak ba al du gaurkotasunik? Eta baliorik? Horri buruz hitz egingo du Koldo Zuazo hizkuntzalariak igande honetan, azaroak 2, Etxebarrian. 12:00etan izango da Ezton/baidon eta eztok/baidok: gaurkotasuna eta balioa hitzaldia, Kultura aretoan. Garbiñe Idoeta hika irakasleak egingo du sarreratxoa. Sarrera debalde da. ZirHika taldeak antolatu du, Etxebarriko Udalaren babesarekin, EHko II. Hika Topaketaren atariko gisa. Hika Topaketa Markina-Xemeinen izango da, hurrengo astean, azaroaren 8an. Hika eragilea baldin bazara, oraindik aukera duzu Topaketan izena emateko! Izen-ematea zabalik dago.
Hika Topaketa hika eragileentzat da, baina azaroaren 8an egingo den bertso-saioa herritar guztientzat eta doan: Miren Amuriza, Amets Arzallus, Ainhoa Agirreazaldegi eta Aner Peritz arituko dira bertsotan, gai-jartzaile moduan Igor Elortza dutela. 18:30ean, Markina-Xemeingo Kontzejupean.
ZirHika taldeak, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean, antolatu du Euskal Herriko II. Hika Topaketa. Topaketaren helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, elkarrekin hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean hitzaldiak egongo dira, esperientzia desberdinak ezagutzeko. Jorratuko den gaietako bat: "Hitanoa irratian". Arratsaldean, berriz, lan-mahaiak antolatuko dituzte, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko. Lan topaketa izango denez, partaide kopurua mugatua izango da; gehienez 80 lagun elkartzea da asmoa, hitanoa bultzatzen ari diren eragileak guztiak ere: euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, euskara teknikariak, ikerlariak, norbanakoak... Arratsaldeko talde dinamika Farapi kooperatibako kideek gidatuko dute.
Hitzaldien eta lan-mahaien seriotasuna arintzeko, eguerdian Markina-Xemeingo Abarka taldeak antzezlan txiki bat plazaratuko du, hika. Ekitaldiaren itxiera, berriz, trikiti doinuekin egingo dute, Mirari eta Aintzane trikitilariekin kantuan. Topaketako parte hartzaileak kalejiran joango dira Uhagon kulturgunetik Kontzejupera.
EHko I. Hika Topaketa Oñatin egin zen 2023an, eta hika eragileek elkar ezagutzeko abiapuntua izan zen. Hain zuzen ere, topaketa horren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarren topaketa hau bideratu duena. Topaketak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





