Julio Onaindia zendu da, Gernikako bonbardaketen azken lekukoetako bat

2018ko eka. 21a, 12:36

Gernikako bonbardaketen lekuko izan zen, 12 urterekin. Hainbat oroitzapen eta kontakizun jaso genizkion 2011. urtean elkarrizketa egin genionean.

Gernikako bonbardaketen lekukoak gero eta gutxiago dira. Julio Onaindia gernikarrak 13 urte betetzeko zituen 1937ko apirilaren 26an, hegazkin alemaniar eta italiarrek Gernika sutan jarri zutenean. Atzo utzi gintuen, baina haren testigantzak Ahotsak.eus-en entzun eta ikus ditzakegu.

Juliok zehaztasun handiz kontatu zizkigun egun hartako ibilerak. Aitarekin Durango aldera joana zen, lehengusu batzuen baserrira, eta gerra hegazkinek lau aldiz metrailatu zituzten. Ibaizabal ibaian sartuta egon ziren aita eta biak:

Gernikara bueltatu zirenean, berriz, etxe ondoko babeslekuan sartu ziren, bonbetatik ihesi. Ondoko eraikinean bonbek 28 pertsona hil zituzten:

Gerrako pasadizoez gainera, beste hainbat kontu ere kontatu zizkigun Juliok. Gernikako Kaltzada kalean jaioa, 11 neba-arrebatatik zortzigarrena zen. Dioni anaia eta biak pilotariak izan ziren, eta garaiko pilotari onenekin lehiatu ziren. Etxeko negozioak zirela eta, herrian lehenengotakoak izan ziren autoa eta telefonoa izaten. Juliok autoendako ordezko piezen denda izan zuen Geltoki plazan.

Gure doluminak familiari. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia