Julian Ezeiza ‘Aterpe’ bertsolaria hil da

2014ko api. 4a, 09:20

Astelehenean, martxoaren 31n, Julian Ezeiza "Aterpe" bertsolari hernaniarra hil zen, Balantxan, jaio zen baserrian bertan, laurogeita lau urte zituela. Ahotsak.com-erako egin genizkion elkarrizketen lagin txiki batekin eman nahi genioke gure agurra.

Hernanitik Galarretara bidean den Balantxa baserrian jaio zen Julian, 1929an. Bertsozale porrokatua izan zen, txiki-txikitatik. Antton Garin lagunarekin hainbat plazatan jardun zuen bertsotan, Hernanin bertan, auzoetako jaietan eta errondetan, batez ere. Bertsogintzan egindako borondatezko lan eskerga hori medio, omenaldia jaso zuten 2005ean, herriko bertso eskolarengandik. Hala kontatu eta kantatu ziguten Julianek berak eta haren lagun Anttonek Ahotsak.com-eko kamera aurrean egindako elkarrizketa batean. Memoria harrigarriko gizona genuen Julian, eta elkarrizketa hartan erakutsi zigun gaitasun horren zantzurik. Izan ere, 2005eko aipatu omenaldian kantatu zituen bertso pare bat gogoratzeaz gainera, bertso eskolakoek eskainitako habanera bat goitik behera ekarri zuen, ongi ikasia zuen seinale, eta eskerrik onenaren eta zintzoenaren erakusgarri.

Urumeako kronikan aurki daiteke Julianen berri gehiago:

«Julian Ezeiza ‘Aterpe’ hil da, bertsoaren hariari eten gabe heldu zion bertsolaria» (Urumeako kronika, Hernani, 2014/04/01)

«Bertsoaren alde egindako guztia, gustoz egin dugu» (Urumeako kronika, Hernani, 2011/03/20)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia