Julen Madariaga politikari eta abokatua hil da
2021ko api. 7a, 09:12
88 urte zituela zendu da Julen Madariaga politikari eta abokatua, besteak beste, Ekin taldearen eta ETA erakundearen sortzaile izana. 2012an elkarrizketatu genuen Ahotsak proiekturako eta ordu luzez jardun zuen bere bizipenen berri ematen. Hemen ikusgai, bere bizitzako pasarteak.
Bilboko Abandon jaio zen Julen Madariaga Agirre. Artean umea zela, Gerra Zibila bizitzea tokatu zitzaion. Bonbardaketei ihesi, Algortara alde egin zuten eta handik itsasontziz Iparraldera ebakuatu zuten amarekin eta neba-arrebekin batera 1937ko martxoan. Handik gutxira Arrotxelan barkua hartu eta Txilera joan ziren bizitzera, senideak baitzituzten han. 1946an itzuli zen Bilbora. Horrelaxe azaldu zizkigun itzulerako bidaiaren inguruko gorabeherak:
Txilen egon ziren denboran, zekien euskara apurra ahaztu zitzaion eta Bilbora itzuli zenean euskaraz ikasi zuen Xabier Peñarekin eta Alfontso Irigoienekin. Jada unibertsitatean zegoela, udara bat Nabarnizen pasatu zuen, euskara praktikatzen:
Deustun eta Oviedon egin zituen unibertsitate-ikasketak: Zuzenbidea ikasi zuen. 1962an Doktoradutza egin zuen Cambridgen. 1952-53 aldera EKIN taldearen sorreran parte hartu zuen eta 1959an ETArenean, Txillardegi, Benito del Valle eta beste batzuekin batera.
Independentzia zuten lehen helburutzat:
Sei hilabete egin zituen preso Carabanchelen 1960-61ean. Irten eta gutxira, Iparraldera joan zen bizitzera. 1990eko hamarkada hasieran erakunde armatutik aldendu zen eta 1995ean Herri Batasuna utzi zuen. Gerora, Elkarriko eta Aralarreko kide izan zen, besteak beste.
2012an Ahotsak proiekturako egin genion elkarrizketan ordu luzez jardun zuen bere umetako eta gaztaroko bizipenez eta politikagintzan bizitakoez hizketan. Elkarrizketa horretan batez ere bere bizitzako lehen partea jorratu genuen arren, tartean badira zertzelada batzuk gauza berriagoez. Hementxe dituzue pasarte guztiak ikusgai.
Doluminak etxeko eta senideei.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.