Donostiako Ahotsak: Juan Mari Beltran musikariaren elkarrizketa ikusgai sarean

2022ko ots. 7a, 09:32

Duela urte batzuk Juan Mari Beltran musikaria elkarrizketatu genuen, Donostiako Ahotsak proiekturako. Grabazioa landu eta sareratu gabe zegoen, eta oraintxe izan dugu horretarako aukera: izan ere, kulturgintzan zeresana izan duten donostiar ezagunen testigantzak ezagutarazten ari gara, Donostiako Udalaren laguntzarekin. 

Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947) Gipuzkoako hiriburuan jaio zen: aita donostiarra zuen; ama nafarra, baina bertan zegoena neskame. Ondoren, Etxarri Aranatzera joan ziren bizitzera. 15 urte zituenean bueltatu ziren Donostiara. Txiki-txikitatik gustatu izan zaio musika, eta mutikotan hasi zen txistulari lanetan. Argia dantza taldekoa izan zen, eta herri musika ikertzen hasi zen hantxe, Urbeltzekin: 'euskal folklorearen laborategia' sortu zuten. Donostiako Ahotsak proiekturako egin genion elkarrizketa landu dugu. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak ezagutarazten ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak berezikiHona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Juan Mari Etxarri Aranatzen hasi zen klarinetea eta txistua jotzen, artean mutikoa zela. Familia Donostiara joan zen bizitzera, eta han ere musika ikasten eta txistulari lanetan jarraitu zuen. 60ko hamarkada zen, eta Donostian kultur giroa pil-pilean zegoen. Giro euskaltzalea. Argia dantza-taldean sartu zen, musikari gisa, eta garai hartan  piztu zitzaion herri musika ikertzeko griña; Juan Antonio Urbeltzek eta Jorge Oteizak berarengan izan zuten eragina azaltzen du, bideo-pasarte honetan. Handik hona hainbat musikarirekin egin du lana, hainbat disko plazaratu ditu, musika irakaslea izan da (multi-instrumentalista da) eta Soinuenea Herri Musikaren Txokoa sortu du Oiartzunen, herri musikari buruzko ikerketen emaitza den zentroa. 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin landu dugu Beltranen elkarrizketa, Donostiako euskararen historia ezagutarazteko sortutako proiektuaren barnean. 32 bideo-pasarte ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalarekin elkarlanean, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 185 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostiako kulturgintzari buruzko testigantzak ezagutarazten ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia