Jesus Gutierrezen hitzaldia sarean

2012ko mai. 30a, 14:07

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzeko Jesus Gutierrez historialariak Eibarko Coliseoan emandako hitzaldia Interneten jarri dugu.

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzeko, apirilaren 25ean, Jesus Gutierrez historialariak bonbardaketei buruzko hitzaldia eman zuen Portalean. Hitzaldiak arrakasta itzela izan zuen eta Portaleako areto nagusia txiki geratu zen; ondorioz, maiatzaren 2an, Coliseoan errepikatu zen. Guztira, ia 400 lagun gerturatu ziren, Eibarren gertatutakoa Gutierrezen eskutik ezagutzera. Bertan egoteko aukerarik izan ez zutenentzat, edota berriro ikusi eta entzun nahi dutenentzat, hitzaldiaren grabazioa ikusgai dago sarean.

Hitzaldian, Eibarko gerrari buruzko gorabeherak izan zituen hizpide Gutierrezek; batez ere 1937ko apirilaren 24-25 bitarteko bonbardaketak. Horrez gain, beste zenbait kontu ere azaldu zituen: nolakoa zen Eibarko eguneroko bizimodua; zerbitzuen antolaketa nola egiten zen; edota non zeuden kanoi antiaereoak eta babeslekuak. Hitzaldian, Ahotsak.com-ek grabatutako Agustin Arana eta Bartolo Arriolaren testigantzak erabili zituen. Eta, testigantza horiez gain, hainbat irudi ere erabili zituen; hala nola, hegazkinetik ateratako argazki bat, bonbardaketaren ondorioak azaltzen ziren argazki batzuk...

Berbaldi hau Eibarko bonbardaketaren urteurrenaren harira antolatu zuen Eibarko Udalak, beste hainbat ekitaldirekin batera; hala nola, Maialen Lujanbio eta Juanjo Pinillak eskainitako ikuskizuna.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia