Jabier Agirre medikua, zientziaren dibulgazioan beti euskaraz aritua

2021ko abe. 9a, 09:32

Jabier Agirre medikua ezaguna da, besteak beste, hedabideetan euskara zabaltzen egin duen lanarengatik. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Jabier Agirre (Donostia, 1952) medikua, familia euskaltzalean jaioa, euskal giroan bizi izan zen umetatik. Karmele Esnalen ikastolan ikasi zuen eta, gainera, ikasketei segida ere euskaraz emateko aukera izan zuen: Santo Tomas lizeoko lehen promoziokoa da. Gaztetxotan hasi zen euskara bultzatzeko lanetan, eta zientziaren eskutik egin du bide hori. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Jabierren amak (donostiarra) eta aitak (Getxon jaio) Donibane Lohizunen ezagutu zuten elkar, gerrako exiliatu bezala. Aitaren anaia Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen. Jabier zazpi senidetan zaharrena zen. 3 urtetik 8 urtera bitarte Karmele Esnalen ikastolan ikasi zuen, Artzai Oneko etxe batean. Santo Tomas lizeoan jarraitu zituen ikasketak. Hantxe eman zituen bere lehen euskara klaseak, 13-14 urterekin, eta gero gau-eskoletako irakasle moduan ere jardun zuen, euskalduntze-alfabetatzean.

Medikuntza ikasi zuen Bilbon, eta Antiguako anbulategian hasi zen lanean. Osaba pediatrarekin ere bai ondoren. UZEIrako osasungintzari lotutako hiztegiak egiten hasi zen, 1977an, eta 1983tik aurrera mediku-lana utzi eta euskalgintzari heldu zion bete-betean.

Zientziaren dibulgazioa euskaraz egiten ere lan handia egin du, irratian, prentsan zein telebistan. 2021ean Elhuyar merezimendu saria jaso zuen. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) lehendakaria da.

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Ramon Agirre anaia ere elkarrizketatu dugu, aktorea. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia