IRALEren Bizkaiera Bildumako grabazioak katalogatzen ari gara

2016ko api. 14a, 15:42

2014an hasi ginen IRALEren Bizkaiera Bildumako grabazioak katalogatzen. 1983tik 1993ra bitartean mendebaldeko euskararen hainbat hiztuni hartutako ahozko lekukotasunek osatzen dute bilduma handi hau. Pixkanaka ari gara grabazioak jasotzen eta datuak Ahotsak.eus-en txertatzen. Oraingoan, bi herri berritako informazioa gehitu dugu, gainera: Plentzia eta Gamiz-Fika.

IRALE (Irakaslegoaren Alfabetatze Euskalduntzea) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren programa bat da. EAEko ikastetxeetako irakasleei zuzenduta dago; eta irakasle horiei euskaraz irakasteko gaitasuna lortzen eta irakaslanean kalitatezko hizkuntza erabiltzen laguntzea du helburu. Horretarako, era askotako ikastaroak eskaintzen ditu, eta bestelako hainbat zerbitzu eta ekimenetan ere badihardu.  

1983tik 1993ra bitartean, mendebaldeko euskararen laginak jasotzeko asmoz, Bizkaiera Bilduma izeneko proiektua gauzatu zen. IRALEko irakasle eta ikasketariek egin zituzten grabazioak, IRALEren Bizkaiko Irakastegiak urte haietan eratutako bizkaiera ikastaroetan. Azken urteotan orduan egindako grabazioak digitalizatzen eta sailkatzen dihardute pixkanaka. Gero, grabazioen inguruko informazioa eta kopia bat Ahotsak.eus-en esku uzten dute.

2014an hasi ginen IRALEren Bizkaiera Bildumako grabazioak jasotzen eta katalogatzen eta dagoeneko Bizkaia osoko 108 grabazio ditugu katalogatuta. Abenduan jasotako grabazio multzoan, gainera, orain artean grabaziorik ez genuen bi herritako elkarrizketak jaso ditugu: Plentzia eta Gamiz-Fika. Baina grabazio guztiak dira interesgarriak, asko eta asko 1986 inguruan eginak direlako eta, gainera, gehienak bideoz grabatuta daudelako. Eskerrik beroena eman nahi diegu, altxor hori guztion esku jartzeagatik!

Momentuz grabazioak katalogatu besterik egin ez ditugun arren, datozen urteetan, pixkanaka, grabazio hauek landu eta sareratzeko asmoa dugu.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia