Ikastetxeetan hitanoa erakusteko ikastaroa LHko eta DBHko irakasleentzat, UEUn

2026ko ira. 7a, 11:02

Urriaren 17an eta 24an izango dira prestakuntza-saioak, Eibarren, hitanoa irakatsi nahi duten irakasleentzat. ZirHika taldeak antolatu ditu, UEUrekin elkarlanean, eta Izen-ematea zabalik dago.

Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gaztetxo askok kalean erdarara jotzen dute adierazkortasun eta informaltasun bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, hitanoa, gainbehera joan da azken hamarkadetan. Hezkuntza arautuan hizkera formala lehenesten da, baina badira hitanoaren premia ikusten duten irakasleak. Horientzat da ZirHikak, UEUrekin batera, urrian antolatu duen ikastaroa. Bi larunbat goiz izango dira (urriak 17 eta 24), Eibarko Markeskua jautregian, eta izen-ematea zabalik dago. 

Nola hasi hitanoa lantzen ikastetxean? Ikastaroaren helburua hitanoa bultzatu nahi duten irakasleei tresna batzuk ematea da. Lehenengo pausoak emateko prestakuntza txiki bat izango da, ikastetxeetan hika irakasten esperientzia duten adituen eskutik. Saio teoriko-praktikoak izango dira, zalantzak argitzeko eta beldurra kentzeko ere baliagarriak. Metodologia Azkoitiko, Oiartzungo eta Oñatiko ikastetxeetan gaur egun lantzen ari direna izango da eta funtzionatzen ari dena; hizkera informala denez, ahozkoan eta jolasean oinarritua.

Prestakuntza honetan saio teoriko-praktikoak egongo dira: lehen zatian, oinarri teorikoa emango da eta hori ikasleei nola helarazi ere azalduko da; gainera, Markina-Xemeingo eta Oñatiko esperientziak ezagutzeko aukera egongo da. Bigarren zatian, berriz, ariketa praktikoak egingo dira partaideekin, gero ikasleekin erabil daitezkeenak. Euskara batuko hitanoa erabiliko d prestakuntza-saioan, gero bakoitzak bere herriko hitanora molda dezakeena.

Ritxi Lizartza (Donostia), Garbiñe Idoeta (Markina-Xemein), Nerea Zubia (Oñati), Xabier Eizagirre (Azkoitia) eta Itsaso Aldai (Oiartzun) izango dira ikastaroko irakasleak. Ikastaroa LHko eta DBHko irakasleentzat da batez ere, baina euskaltegietako irakasleentzat ere interesgarria gerta daiteke. Gehiago jakiteko ikusi egitaraua

ZirHika taldea hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko sortu zen, euskararen normalizaziorako. Euskal Herri osoko hika eragileek osatzen dute. Hainbat ekimen egin dituzte hitanoa bultzatzeko: besteak beste, hika praktikatzeko Hikadromoak antolatzen dituzte, Durangoko azokan. Iaz EHko II. Hika Topaketa egin zuten. 

Irudian, Oñatiko Txantxiku ikastolako ikasleak, hika saio batean. Iturria: Nerea Zubia

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia