Ikastetxeetan hitanoa nola landu erakusteko ikastaroa egin dute, Eibarren
2026ko urr. 26a, 14:27
Aurreko larunbat goizean izan zen ikastetxeetan hitanoa nola landu erakusteko ikastaroko bigarren eta azken saioa, ZirHika taldeak UEUrekin elkarlanean antolatua. Urriaren 17an egin zuten lehenengo saioa. Hogeitik gora irakaslek hartu dute parte eta balorazio positiboa egin dute.
Hezkuntza arautuan hizkera formala lehenesten da, baina badira hitanoaren premia ikusten duten irakasleak ere, gaztetxoekin lagunarteko hizkera informala landu nahi dutenak. Horientzat zen ZirHika taldeak, UEUrekin batera, antolatutako ikastaroa. Bi larunbat goiz izan dira: urriak 17 eta 24. Eibarko Markeskua jauregian 25 bat lagun elkartu dira guztira, eta gustura aritu dira hika praktikatzen eta ikasgeletarako ideiak hartzen. Horixe baitzen ikastaroaren helburua: hitanoa bultzatu nahi duten irakasleei tresna batzuk ematea. Saio teoriko-praktikoak izan dira, zalantzak argitzeko eta beldurra kentzeko ere baliagarriak, eta oso giro polita sortu da.
Larunbat goizeko saioa praktikan oinarritu zen. Xabier Eizagirre arduratu zen lehen zatiaz: hainbat ariketa egin zituen ikasleekin, hauek LHko umeak balira bezala, kantuan eta jolasean. Azkoitiko ikastetxeetan izandako esperientzia baliatu zuen horretarako. Bigarren zatian, berriz, Itsaso Aldaik hartu zuen lekukoa: ariketa praktikoak proposatu zituen hark ere, baina DBHko ikasleentzat; Oiartzungo ikastetxeetan ikasleekin erabili ohi dituenak hain zuzen ere.
Aurreko asteko saioan, Ritxi Lizartzak (Donostia) oinarri teorikoa eman zuen; Garbiñe Idoetak Markina-Xemeingo ikastetxeetarako prestatutako ikasmaterialaren berri eman zuen eta Nerea Zubiak, berriz, Oñatiko esperientzia kontatu zuen: Txantxiku ikastolan hika lantzeko 15 minutuko ahozko praktikak egiten dituzte astero.
Metodologia Azkoitiko, Oiartzungo eta Oñatiko ikastetxeetan gaur egun lantzen ari direna izan da eta funtzionatzen ari dena. Ikastaroa LHko eta DBHko irakasleentzat zen batez ere, baina euskaltegietako irakasleentzat ere interesgarria gerta zitekeen. Ikusi egitaraua.
ZirHika taldea hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko sortu zen, euskararen normalizaziorako. Euskal Herri osoko hika eragileek osatzen dute. Hainbat ekimen egin dituzte hitanoa bultzatzeko: besteak beste, hika praktikatzeko Hikadromoak antolatzen dituzte, Durangoko azokan. Iaz EHko II. Hika Topaketa egin zuten.
Irudian, Itsaso Aldai irakaslearekin hitanoa lantzeko ariketa bat egiten, aurreko larunbateko ikastaroan. Iturria: ZirHika
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





