Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko ikasleei elkarrizketak nola egin azaltzen, Ahotsak.eus proiektutik
2026ko urt. 27a, 16:54
Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko DBH3ko ikasleek herriko ondarea biltzeko elkarrizketak egingo dituzte aurki. Badihardugu elkarteko kidea den Idoia Etxeberriak grabaketak egiteko aholkuak eman dizkie, gaur goizean.
Elkar Hezi ikastetxeko DBH3ko ikasleak Oñatiko baserrietara joaten dira urtero, baserrietako historia biltzera. Baserritarrak elkarrizketatzen dituzte eta erreportajeak prestatzen dituzte, egindako grabaketekin. Herriko ondarea bildu eta zabaltzea da "Txapela buruan eta ibili auzuan" proiektuaren asmoa eta laster hasiko dira lanean. Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberria oñatiarra ere Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketak egiten aritzen da eta, iaz bezala, aurten ere Elkar Hezira joan da, ikasleei azalpenak ematera, aholku batzuk, baserrietara doazenean kontuan izan ditzaten.
Ahotsak.eus zer den kontatu die Etxeberriak ikasleei, gaur goizean, eta elkarrizketak egiteko garaian enkoadre, argi eta audio aldetik kontuan izan beharrekoak azaldu dizkie, adibideak ipiniz: gaizki egindakoak eta ondo egindakoak. Gainera, guztien artean galdetegia zirriborratu dute: baserrietara joaten direnean zer galdetu dezaketen pentsatu dute. Hainbat auzotako baserrietara joango dira, taldeka. Lana amaitzen dutenean, grabazioak Ahotsak.eus egitasmoan ipintzeko aukera izango dute (252 oñatiarren elkarrizketak daude bertan).

2025ean Oñatiko esamoldeak ezagutarazteko proiektu batean ere hartu dute parte Elkar Hezikoek, herriko beste ikastetxeekin batera. Hala, esamoldeak azaltzeko bideo laburrak prestatu ditu Badihardugu elkarteak eta orain sare sozialetan zabaltzen ari dira. Astelehenero esamolde bat plazaratzen dute eta, ekaina bitarte, guztira 38 bideo sareratuko dira. Goiena Telebistan ere botako dituzte bideoak. Adibiderako, ikusi:
Badihardugu elkarteak herrian sustatu dituen beste proiektu batzuri buruz ere hitz egin dute: Oñatiera ikasgelan eta hika ikastetxeetan, besteak beste, Oñatin euskalkia eta hitanoa biziberritzeko hainbat lan egin direlako. Elkar Heziko DBH3ko ikasle horiek oñatiera lantzen ere ari dira, astean behin, Badiharduguk prestatutako fitxekin. DBH4koek, berriz, Appa Hi! lehiaketan parte hartuko dute, Euskararen Egunean, eta Batxikoek hika praktikatzeko 15 minutuko saioak egingo dituzte ikasturtean zehar. 2025ean ikasle batzuk hitanoari buruz duten iritzia ematera ere animatu ziren eta Etxeberriak Gazte Gara Gazte proiekturako elkarrizketatu zituen.
Irudian, Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria Elkar Hezi ikastetxeko DBH3ko ikasleekin, gaur goizean.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





