Hondarribian, 1.000 bideo pasarte ikusgai

2016ko mai. 11a, 16:16

Hondarribiko lekukoen 1.043 bideo pasarte ikus daitezke ahotsak.eus webgunean. Adineko 50 lagunek beraien bizimoduari buruz kontatutako pasarteak, hainbat gairi buruzkoak. 

54 hondarribitar daude elkarrizketatuta Ahotsak proiektuan. 2013ko abenduan egin genuen Hondarribiko Ahotsen aurkezpena, Hondarribiko udaletxean. Orduan 400 bideo pasarte zeuden sareratuta; alabaina, lanean jarraitu dugu, eta orain hiztun haien guztien pasarteak daude on-line. Orotara 1.043 bideo.

Hondarribian lan handia egin dugu ahozko ondarea jasotzen, bertako Udalari esker. Elkarrizketa gehienak 2011. urtean egin genituen. Gehien-gehienak adineko gizon-emakumeak izan ziren: portuarrak, kaletarrak zein baserritarrak. Jostun, errementari, arrantzale, sare konpontzaile, hargin, arrain saltzaile, tabernari, neskame, soinujole, artzain... ibilitakoak. Eskolara gutxi joan ziren arren, bizitzaz asko dakitenak. 2011tik hona pixkanaka-pixkanaka grabazio guztiak entzun, pasarte onenak identifikatu, laburpenak egin eta pasarteak gaika sailkatzen ibili gara. Ondoren, aukeratutako pasarte horien bideoak editatu eta sarera igotzen genituen. Eta pozez esan dezakegu Hondarribiko testigantzak entzun eta ikusteko moduan daudela jada, lehengo bizimodua nolakoa zen jakin nahi duten guztientzat eskuragarri.

Bi modu daude Hondarribiko testigantzak ikusteko: bata, hiztun bakoitzaren bideo pasarteak ikustea, hiztunen fitxan sartuta, eta bestea, berriz, gaien araberakoa; Hondarribian jasotako gaiak zein diren jakin dezakezu, eta gai bakoitzarekin lotuta zer dagoen. Sare konpontzaileekin lotuta, esaterako, hau da aurki dezakezun pasarteetako bat:

Hona hemen proiektuaren aurkezpen egunerako prestatu genuen bideoa ere, lekuko guztien testigantzekin osatua:

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia