Nola erakarri euskarara hiztun berriak?

Mar. 9, 2018, 7:45 p.m.  ¦ 

Aurten ere Eta Kitto euskara elkarteak mintegia antolatu du euskararen transmisioari buruz gogoeta egiteko. Asteazkenean izan zen, Eibarko Portalean. Hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen.

Eskola ez da aski umeak euskalduntzeko. Eta erdal eremuetan argi ikusten da hori. "Hizkuntza sozializazioa" behar da: euskaraz jarduteko aukerak izatea, etxean zein kalean. Arnasguneak. Horixe izan zen asteazkeneko mintegian irten zen ideietako bat. Eibarko Portalea kultur etxean Eta Kitto euskara elkarteak antolatutako mintegian euskararen transmisioarekin arduratuta gauden hainbat lagun bildu ginen, urtero legez. Euskarak "praktika berriak" behar dituela, horixe esan zuten parte hartu zuten adituek, diskurtsoak eta ekintzak ez datozela bat. Adibidez, denok gaude aniztasunaren eta integrazioaren alde, baina ikasgeletan haur atzerritar asko daudenean ba al dakigu egoera hori nola kudeatu? Nola eragiten du kultur aniztasunak euskara ikasteko prozesuan? Ba al dakigu hiztun berriak nola erakarri euskarara?

Egitaraua oparoa eta interesgarria izan zen, hausnarketarako bide ugari eman zituena. Goizeko 09:00etan hasi eta bazkalordua bitarte, zazpi hitzaldi eta mahaingurua izan ziren. Zazpi esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen, horietako hiru Arabakoak. Unai Vianak Arabako Gazte Euskaltzaileak taldearen topaketen eta ekimenen berri eman zuen, diru gutxirekin eta elkarlanean egindakoak, erakundeen esku hartzeari begira egon gabe. Maitasuna eta errespetua aipatu zituen behin eta berriro, eta gazte guztien hitza kontuan hartzeko beharra.

Amelia Barquin irakasleak Arabako eskoletako ikasle etorkinei buruzko gogoeta egin zuen. Sarritan irakasleak ez ei da pozten haiek gelan izateaz, ez dakitelako egoera nola kudeatu. Atzerritarrak euskarara hurbiltzeko, berriz, ez dira beti estrategia egokienak erabiltzen. Leire Diaz de Gereñu eta Isabel Santamaria gurasoek Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko egoera azaldu zuten, A eredutik D eredura igarotzean izandako bilakera eta kultur aniztasuna lantzeko egiten duten lana. Gurasoen inplikazioa ezinbestekoa dela nabarmendu zuten, ezin dela pisu guztia eskolaren gain utzi. Beharrezkoa dela eskolatik kanpo ere euskara erabiltzeko guneak sortzea, aisialdi taldeak adibidez. 

Bilboko El Ave Maria ikastetxeko esperientzia ere ezagutu genuen, Garikoitz Lasa eta Imanol Canalesen ahotik. Antzerkhizkuntza proiektua egiten dute, ikasleak antzerkiaren bidez euskarara hurbiltzeko; Bizkaiko hainbat ikastetxetan dago abian. AEK-ko Edorta Lopezek, berriz, aisialdiko Praktikatu proiektuaren berri eman zuen: proiektu horri esker euskaraz egiteko 10.000 pertsona elkartzen dira astero Euskal Herrian, zaletasunak ere partekatzen dituztenak. 

Paula Casares Iruritan eta Iruñean egindako bere ikerketa soziolinguistikoaz aritu zen, besteak beste hizkuntzaren transmisio sozialaren ezaugarriez. Eneko Gorrik Ipar Euskal Herrian euskararen egoera zein den azaldu zuen, eta oso interesgarriak izan ziren bi hitzaldi horiek ere. Hitzaldien ostean, Jaime Altunak gidatutako mahaingurua izan zen, Arabako hiru kiderekin. Bazkalorduan ere izan zen hitz egiten eta gaietan sakontzen jarraitzeko aukera. Euskararen Transmisioari buruzko zortzigarren mintegia izan da aurtengoa. 60 bat lagun bildu ginen. Informazio gehiago izateko, hona hemen Eta Kittok ateratako albistea.

Euskararen egoerak kezkatu egiten zituelako hasi ziren Eta Kitto elkarteko kideak mintegia antolatzen, 2010. urtean. Euskararen transmisioan hausturak zeudela ikusten zuten, herri askotan antzeko kezkak zituztela eta baita estrategiak ere, egoera hori iraultzen saiatzeko. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko sortu zen Mintegia, eta zein beharrezkoa den konturatzen gara parte-hartzaileak, urtero. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia